}

Hiesa saguetan ikertu ahal izango da

2003/07/03 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Hies gaixotasunaren aurkako borrokan lagungarria izan daitekeen aurrerapausoa eman da. Giza gene bat txertatu eta saguak GIB birusaz infektatzea lortu dute. Horrek ikerketarako sistema egoki batez baliatzeko aukera emango die ikertzaileei.

Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) aurkako txertoa duela urte asko lortuko zela uste zuten ikertzaileek; batez ere, gaixotasuna identifikatu eta denbora gutxira isolatu zutelako birusa. Baina txertoa lortu ezinik dabiltza oraindik ere. Probatu den azkeneko txertoak % 3,8 baino ez du murrizten birusaz kutsatzeko arriskua.

Porrotaren arrazoia ez da ahalegin ekonomikoa ez dela nahikoa izan; beste edozein gaixotasunek baino ikertzaile eta baliabide ekonomiko gehiago izan ditu hiesak. Are gehiago, GIB birusaren bizitza-zikloa beste edozein birusena baino hobeto ezagutzen da. Aipagarria da, esaterako, gaur egun birusen ikerketak egiteko sistema eredu gisa erabiltzen dela GIBa. Eta, hala ere, ez da txertorik lortu. Izan ere, bi dira txertoa lortzeko zailtasunak, agerikoenak behintzat. Batetik, birusak mutatzeko duen joerak ikaragarri zailtzen du txertoaren garapena. Bestetik, badago prozesua moteltzen duen beste faktore bat ere: GIB birusak gizakiak eta tximinoak baino ez ditu infektatzen.

Kontuan hartu behar da zenbat eta bizitza luzeagoa izan
animalia-espezie batek, orduan eta erabilgarritasun txikiagoa duela ikerketan. Zientzialariek merke, erraz eta azkar hazten diren espezieak erabiltzen dituzte. Gaixotasuna nola garatzen den azkar ikusi ahal izaten da horietan, eta, beraz, botiken eta txertoen eraginkortasuna azkarrago probatu. Horregatik da sagua ugaztunen gaixotasunak ikertzeko espezierik egokienetako bat.

GIBaren kasuan, txertoak tximinoetan frogatu izan dira orain artean, halabeharrez. Orain, ordea, GIB birusak saguek ere infektatzea lortu dute Yong-Hui Zheng birologoak eta bere taldekideek. Gizakion linfozitoetan azaltzen den gene bat txertatu dute saguetan , hp32 proteina kodetzen duen genea, hain zuzen ere, eta ikerketa-sistema berria jarri du horrek eskuragarri.

Ikertzaileek bazekiten birusa saguen zeluletan sar dadin giza linfozitoek dituzten errezeptore edo hartzaile jakin batzuk izan behar dituztela zelulok, hau da, GIBaren mintzeko proteinak ezagutzen dituzten hartzaileak . Dena den, hori ez da nahikoa izan, birusa sartu bai, baina ziklo birala osatu ezinik izaten baita. Sagu-zelulen nukleoan pilatzen ziren GIBaren material genetikoaren amaitu gabeko kopiak. Zelulek hp32 proteina ere sintetizatzen dutenean, ordea, geneak erreplikatu eta birusak zikloa osatzeko gai direla ikusi dute.

Giza proteina horiek kodetzen dituzten geneak saguetan txertatzeak, beraz, birusaren aurkako txertoak orain arte baino askoz ere azkarrago probatzeko aukera emango du. Une honetan 7 txerto berri garatzen ari dira. Orain arte, ahalegin guztiak hutsean geratu dira eta birusak urtean 5 milioi pertsona inguru kutsatzen jarraitzen du . Baina saguak erabiltzeak ikertzaileen lana asko erraztuko du. Behintzat, txertoak garatzeko behar den denbora murriztuko du.

Dena den, hp32 proteina kodetzen duten sagu-zeluletan giza zeluletan baino 50 aldiz motelago ugaltzen da birusa, eta, hortaz, prozesuan beste giza proteinaren bat ere egon daitekeela inplikatuta uste dute. Puzzlea osatzeko beste proteina horren bila dihardute lanean orain.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia