}

Hiesa, birus fosil bat eta mutanteak

2007/06/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Askotan gertatzen da: egoera batean onuragarria den ezaugarri bat kaltegarria da beste egoera batean. Science zientzia-aldizkarian argitaratu duten artikulu baten arabera, horixe gertatu zaio gizakiari aspaldiko birus batekin eta hiesarekin.
Gizakiari hiesa eragiten dion birusa erretrobirus bat da.

Duela 4 milioi urte, birus batek txinpantzea eta beste primate batzuk infektatu zituen. Horren ondorioz, txinpantze asko hil ziren. Gizakia, ordea, ez zen infektatu, berezko erresistentzia baitzuen. Baina, ikertzaileek orain jakin dutenez, garai hartan gizakiari birus harekiko erresistentzia eman zion horrek babesgabe utzi gaitu orain hiesaren birusaren aurrean.

Birus hura erretrobirus bat zen. Erretrobirusek RNA dute, eta, zelula batera sartzen direnean, birusaren RNA DNA bihurtzen da. DNA hori zelularen genoman txertatzen da, eta, hala, infektatutako zelulak birusaren kopiak egiten ditu. Eboluzioan zehar, belaunalditik belaunaldira pasatzean, erretrobirusek herentzia uzten dute DNAn; azkenean, populazio osoaren DNAn dago erretrobirusaren aztarna. Adibidez, giza DNAren % 8 inguru birusek utzitako herentzia da.

Ikertzaileek frogatu dutenez, txinpantzeek eta beste primate batzuek gaur egun desagertuta dagoen erretrobirus baten aztarna dute. Zehazki, txinpantzeak birus horren 130 kopia ditu bere DNAn; gizakiak, berriz, bat bera ere ez. Hortik ondorioztatu zuten ikertzaileek erretrobirus hark txinpantzea eta hurbileko ahaideak infektatu zituela; ez, ordea, gizakia.

Proteina batean dago koska

Hipotesi hori frogatzeko, erretrobirusak herentzian utzitako geneak hartu zituzten txinpantzearen DNAtik ikertzaileek, eta saguaren erretrobirus batekin elkartu zituzten. Horrela, duela 4 milioi urteko erretrobirusa birsortu zuten. Ondoren, giza zelulen kultura batean jarri zuten erretrobirusa, eta frogatu zuten ezin zituela zelulak infektatu. Horren arrazoia ere topatu zuten: giza zelulek duten proteina batek birusa blokeatzen du, eta ez dio zelulan sartzen uzten.

Duela lau milioi urte, erretrobirus batek txinpantzeak infektatu zituen. Orain, haren arrastoak ditu txinpantzeak bere genoman.

Ez txinpantzeak ezta hurbileko beste primateek ere ez dute proteina hori; beraz, haiek ezin izan zuten infekzioa saihestu. Hala, pentsatzekoa da duela 4 milioi urte birus hark kalte handia egingo ziela.

Alabaina, garai hartan gizakiak infekziotik babestu zituen proteina hori alferrikakoa da hiesaren aurka. Hurbileko primateek, berriz, proteina horren antzeko beste bat dute, eta, hark bai, hiesetik babesten ditu. Ikertzaileen esanean, nolabait, proteina hori izateak ahulagoak egin du gizakiak hiesaren aurrean; haien hitzetan, birus bati ateak ixteak beste bati zabaldu dizkio, dirudienez.

Zientzialariek oraindik ez dute erabat argitu proteinaren eta antzinako birusaren arteko erlazioa, eta ikertzen jarraitzeko asmoa dute. Izan ere, iraganeko infekzioen ondorioz da gure egungo immunologia-sistema den bezalakoa, eta zenbat eta gehiago ezagutu iragana, orduan eta hobeto ulertuko dute oraina.

Mutazio babeslea

Hain juxtu, orain dela bi urte ere atzera begira jarri ziren ikertzaileak, hiesari buruz gehiago jakin nahian. Orduan, hala ere, ez ziren hain urrutira joan, Erdi Arora baizik. Eta asmoa ez zen argitzea zergatik ez duen gizakiak babesik hiesaren aurrean, alderantziz baizik: europarren % 10i hiesarekiko nolabaiteko erresistentzia zerk ematen dien argitzeko jo zuten iraganera.

Hiesa eragiten duen birusak globulu zuriei egiten die eraso. Europarren hamarretik batek, baina, mutazio bat du globulu zurien proteina batean. CCR5 izena du proteinak, eta, ez bada normala (mutantea bada), birusak ezin du globulu zurira sartu. Hortaz, mutazioa duenak abantaila du hiesarekiko.

Erdi Aroko izurriren batek lagundu zuen mutazioa hedatzen.

Ikertzaileek ez dakite zergatik duen hainbeste jendek mutazio hori Europan, munduko beste tokietan askoz ere arraroagoa baita. Zientzialarien iritziz, aukera bat izan liteke mutazio horrek Europa jo zuen beste gaixotasun batetik babesten duela, eta horregatik zabaldu dela. Alegia, garai batean beste gaixotasun batetik babesten zuenez, mutazioa zutenek aurrera ateratzea lortu zuten, eta baita haien ondorengoek ere. Horrek mutazioa hedatzen lagunduko luke.

Hipotesi hori ontzat hartuta, zer gaixotasun izan zen gakoa jakin nahi izan dute ikertzaileek. Mutazioa duela 2.500 bat urte azaldu zela kalkulatu dute, hiesa agertu baino askoz ere lehenago. Eta Erdi Aroko izurriren batek lagundu zuen, nonbait, mutazioa hedatzen, ordutik askoz ere ohikoagoa bihurtu baitzen.

Zientzialariek, film edo nobeletako detektibeen pare, Erdi Aroko gaixotasun hori zein izan zen ikertu dute, eta bi hipotesi dituzte. Batzuen ustez, izurri beltza izan zen mutazioa hedatzen lagundu zuen gaitza; beste batzuek, berriz, baztanga izan zela uste dute.

Izurri beltzaren agerraldiak noiz eta non izan ziren hartzen du kontuan lehen hipotesiak; bigarren hipotesia, berriz, eragilean oinarritzen da: baztangaren eragilea birus bat delako eta izurri beltzarena bakterio bat. Hortaz, logikoagoa da pentsatzea garai hartan birus batekiko abantaila ematen zuelako zabaldu zela orain hiesaren birusetik babesten duen mutazioa.

Oraingoz, ez dute lortu hipotesi bat ez bestea frogatzerik, baina garbi dago iraganean dagoela oraina ulertzeko giltzetako bat. Eta, beharbada, sartuko da etorkizuneko atearen sarrailan ere!

Gara-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia