Hidrogeno superastuna detektatu dute lehen aldiz
2001/08/22 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Japoniako RIKEN detektagailuan egindako esperimentu batean, hidrogeno-5 atomo superastunaren seinalea atzeman dute. Hidrogeno-5 atomorik ez dago Lurrean, egoera naturalean, baina fisikariek izarren barnean badagoela uste dute. 40 urte zeramatzaten seinalearen atzetik.
Hidrogenoa naturan dagoen atomorik sinpleena da: nukleoan protoi bat du eta haren inguruan biraka elektroi bakarra. Hidrogeno ohikoenak ez du neutroirik nukleoan, baina badaude nukleoan neutroiak dituzten beste hidrogeno-mota batzuk ere. Nukleoan protoi kopuru bera baina neutroi-kopuru desberdina duten atomoei, zientzian, isotopo deitzen zaie; isotopoak elementu beraren aldaerak dira. Hidrogenoari dagokionez, bi isotopo egonkor daude: deuterioa eta tritioa. Lehenak protoi bat eta neutroi bat ditu nukleoan eta bigarrenak, berriz, protoi bat eta bi neutroi. Hidrogeno arruntarekin alderatuta, oso proportzio txikian daude naturan.
Japoniako RIKEN detektagailuan detektatu den hidrogeno isotopoak protoi bat eta lau neutroi ditu nukleoan, eta oso-oso ezegonkorra da. Horregatik, izarren barnean bakarrik dagoela uste dute fisikariek. Izarren barnean atomo eta partikula ezegonkor eta arraro asko dagoela uste da, eta fisikariek interes handia dute haietan, izarren eta, oro har, unibertsoaren ezagutza areagotzeko bidea izan baitaitezke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia