Hezur-mentuak hobeto eransteko tratamendua
2002/09/19 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Javier González medikuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu zuen tesian azaldu duenez, untxiei eginiko hezur-mentuei talka-uhinak aplikatzeak baskularizazioa erabat areagotzen du. Ikerketak nabarmendu duenez, hezur-mentuak errazago eransten dira talka-uhinak aplikatuz gero. Orain arte tratamendu hori giltzurrun-kalkuluetan eta ortopedia patologikoetan baizik ez da erabili.
Iruñear medikuaren tesiaren helburua horrelako tratamendu batek hezur-mentuen eransketa hobe edo bizkor dezakeela frogatzea izan da. Talka-uhinak ultrasoinuen antzekoak dira, uhin akustikoak. Uhin horiek giltzurruneko harrien tratamendurako erabiltzen dira 1970eko hamarkadatik, giltzurruneko harriak hausteko, hain zuzen. Azken urteotan, talka-uhinak tendinitisa eta hezur hautsiak elkartzean gerta daitezkeen atzerapenak tratatzeko ere erabili izan dira, besteak beste.
Mentuen eransketa errazteko
Hezur-mentuak gaixoari hezur-puska bat falta zaionean egin ohi dira, adibidez, erauzi behar izan den tumore baten ondorioz edo, aldaka-protesien kasuan bezala, higaduraz. Bi motatako hausturen ondoren, ezinbestekoak dira hezur-mentuak: alde batetik zatikatuak ditugu, tamaina txikikoak dira eta ez dute arazo handirik eragiten, oso azkar eransten baitira. Bestetik, mentu handiagoak edo estrukturalak ditugu: hilotz baten hezur-zatiak izan ohi dira.
Mentu estrukturalak duen arazo nagusia zera da: zelula denak eliminatzen zaizkionez, hezur hila dela. Mentu hori gaixoari erantsi behar zaio euskarri gisa jokatzen duen hezur transplantatuaren gainean hezur berri bat osatzeko. Hezur berri hori osatzen ez bada, mentua hautsi egin daiteke.
Arrazoi horregatik, Francisco Javier González, bere tesian, talka-uhinek mentuan zartadura txikiak eragin ditzatekela saiatu da azaltzen, eta pitzadura horiei esker hezurra hobeto betetzen dela.
45 untxirekin esperimentua
Esperimentua 45 untxirekin egin zuten. Guztiei hanka ezkerreko metatartso-hezur nagusiak kendu zitzaizkien. Ondoren, untxi batzuei beren hezurrekin egin zitzaizkien mentuak (automentuak) eta beste baztuei beste untxi baztuen hezurrekin (alomentuak), hezurrek lehendik zituzten zelulak hil ondoren.
Geroago, 15 untxiko hiru talde osatu zituzten eta talka-uhinen tratamendua egin zitzaien. Untxi-talde bati uhin-dosi ertainak eman zitzaizkion, beste bati altuak eta hirugarrenari ez zitzaion tratamendurik ezarri.
Hezurren tratamendurako dosi eraginkorra
Francisco Javier González medikuak bere lanean nabarmendu duenez, emaitza erradiologikoetan, mikrobaskularizazioan eta histologia orokorrean talka-uhinen bidez tratatutakoen edo tratatu gabekoen mentuen artean ez da ezberdintasun garrantzitsurik aurkitu. Ikerketa mikroskopikoan, aldiz, mentuan pitzadurak nabari dira eta zelulak barneratzen dira horietan.
Halaber, ikerketan ikusi dute dosi altuagoa jasan zuten untxien mentuetan kapilar gehiago daudela. González Arteaga medikuak ondorioztatu du, beraz, talka-uhinen tratamenduak baduela eraginik hezur-mentuen baskularizazioan: tratatutako untxien hezur-mentuetan (automentu nahiz alomentuetan) baskularizazio-kanalen kopurua askoz ere handiagoa da tratamendu hori jaso ez dutenekin alderatuta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia