Hesteetako mikroorganismoak eta gizentasuna, erlazionatuta
2007/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Washingtongo Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute pertsona obesoek eta argalek hesteetako flora desberdina dutela, eta hauxe proposatu dute: flora horrek pisuan eragina duela.
Pertsona bakoitzak hesteetako berezko flora du. Bilioika bakteriok osatzen dute flora hori, eta mesedegarriak dira elikagaiak txikitzen dituztelako eta bakterio kaltegarriei aurre egiten dietelako. Bada, ikertzaileek ikusi dute pertsona obesoek eta argalek antzeko mikroorganismoak dituztela (ia denak bi taldetan sartzen dira), baina talde batekoen eta bestekoen proportzioa erabat desberdina dela.
Ikertzaileen ustez, litekeena da pertsona obesoen mikroorganismoak besteenak baino hobeak izatea elikagaiak txikitzen. Horren ondorioz, obesoek argalek baino kilokaloria gehiago xurgatuko lituzkete. Ideia horrek eztabaida sortu du, baina horren alde egiten du beste esperimentu honek ere: sagu obeso baten mikroorganismoak beste baten hesteetan sartuta, ikusi dute beste horrek ohi baino gantz gehiago metatzen duela.
Nolanahi ere, ikertzaileek onartu dute ikerketa gehiago egin behar direla jakiteko zein den hesteetako mikroorganismoen eta gizentasunaren arteko erlazioa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia