Hesteetako bakterioen mesede gehiago argitara
2011/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zenbait ikerketatan ikusi dute hesteetako bakterioek ostalariak babestu egiten dituztela hainbat gaixotasunen aurrean
Gripea hartzea saihesten dute, saguei hil arte hantura eta beherakoa eragiten dizkien bakteriotik babesten dute, eta elikapen urria eta desegokia duten haurrei distrofia eta desnutrizio larria eragiten dizkien kwashiorkor gaixotasuna garatzea ekiditen dute. Hiru ikerketa independentetan, hesteetako bakterioek ostalarietan duten eraginari buruzko hiru ondorio horietara iritsi dira.
Yaleko Unibertsitatean aztertu zuten hesteetako bakterioek gripea hartzeko arriskuan duten eragina. Bi sagu-motarekin egin zuten ikerketa; batzuek berezko bakterio-komunitatea zuten, eta besteei antibiotikoak eman zizkieten hesteetako bakterioak deuseztatzeko. Bada, ikusi zuten antibiotikoekin tratatutako saguek gripea hartzeko joera handiagoa izan zutela.
Ikertzaileek azaldu dutenez, hesteetako bakterioek immunitate-sistemako proteina-konplexu batzuk, inflamasomak, aktibatzen dituzte. Eta inflamasomek martxan jartzen duten erreakzio-kate baten ondorioz, zelula dendritikoek gripearen birusa erasotzeari ekiten diote. Hesteetako bakterioak suntsituak zituzten saguetan, ez zen inflamasomen aktibaziorik gertatu, ez eta horren ondorengo erreakzio-katea ere.
British Columbia Unibertsitatean saguekin egindako beste ikerketa batean, hesteetako bakterioek Citrobacter rodentium bakterioak eragindako infekzioaren aurrean babesik ematen ote zuten aztertu zuten. Izan ere, ikertzaileek bazekiten infekzio horrek sagu batzuei heriotza eragiten diela, eta beste batzuei, berriz, ez. Bi sagu-moten arteko desberdintasuna hesteetako bakterioetan ote zegoen probatzeko, gaixotasunarekiko sentikorrak ziren saguei hesteetako bakterio guztiak suntsitu zizkieten lehenik. Ondoren, sagu erresistenteen gorotzekin elikatu zituzten, eta ikusi zuten hilabetez, gutxi gorabehera, gaixotasunarekiko erresistente izan zirela. Azaldu dutenez, immunitate-sistemaren IL-22 mezularia ugaritzea eragiten dute sagu erresistenteen bakterioek. Mezulari hori inhibitzean, ordea, beherakoak eraginda hiltzeko joera handiagoa izan zuten saguek.
Azkenik, Washingtongo Unibertsitateko ikerketa batean ikusi dute kwashiorkor gaixotasuna garatzea edo ez garatzea dakarrela berekin hesteetan bakterio-komunitate bat edo beste izateak, elikapen urria eta desegokia duten haurretan. Kasu horretan, Malawiko 317 biki-bikoteri jarraipena egin zieten jaio zirenetik hiru urte bete zituzten arte. Ikusi zuten kasuen % 7tan bakarrik garatu zutela gaixotasuna bi bikiek; kasuen % 50etan, berriz, bi bikietako batek baino ez zuen izan kwashiorkor gaixotasuna.
Desberdintasun horren erantzule hesteetako bakterioak zirela uste zutenez, saguei bakterio-komunitateak kendu, eta, haien ordez, biki horietako batzuen komunitateak jarri zizkieten. Umeek jan ohi dituzten elikagaiak eman zizkieten orduan (% 90 arto-irina eta % 10 barazkiak), eta ikusi zuten kwashiorkorra zuten umeen hesteetako bakterioak zituzten saguek pisu gehiago galdu zutela besteek baino. Aldiz, garabidean dauden herrialdeetan desnutrizioak jotako umeei eman ohi zaien prestakinarekin elikatzean, kontrako emaitza jaso zuten.
Washingtongo Unibertsitateko ikertzaileek adierazi dute horrekin ez dela "frogatutzat ematen" hesteetako bakterioak direnik kwashiorkor gaixotasunaren erantzule bakarrak, baina nolabaiteko eragina dutela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia