}

Hertz, Heinrich

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1857-1894)

Fisikari aleman hau Hamburg-en munduratu zen 1857.eko otsailaren 22an. Gaztetan injinerutza ikasteari ekin zion, baina ikasketa horiek utzi eta fisika estudiatzen hasi zen. Herman von Helmotz irakasle eta batez ere lagun izan zuen bere bizitza guztian.

Bere fisika-doktoregoa Berlingo Unibertsitatean 1880an amaitu zuen, "magna cum laude" kalifikazioa lortuz. 1885etik 1889rarte Karlsruhe-ko Eskola Politeknikoan fisika-irakasle izan zen eta 1889az gero Bonn-go Unibertsitatean katedradun, Clausius-ek utzitako postuan.

1883.ean Kiel-go Unibertsitatean lanean an zela, zuela denbora gutxi hildako Maxwell-ek eremu elektromagnetikoarentzat lortutako ekuazioaz arduratu zen. Berlingo Zientzi Akademiak sari bat iragarri zuen eremu magnetikoaz lan egiteagatik eta Helmotzek bere ikasleari proposatu zion arlo hura lan zezan. Hertzek 1888an adore handirik gabe ekin zion lanari, baino 1888an ustekabeko zerbaitekin topo egin zuen. Bi esfera metaliko aireaz bananduta zirkuitu elektriko oszilatzailea zeukan prestatuta. Potentzial-diferentziak norantza batean ala bestean maila bat gainditzen zuenean, txinparta ateratzen zen esfera batetik bestera. Saiakuntza horietan, polo negatiboan argi ultramorea zegoenean txinpartak errazago saltatzen zuela konturatu zen. Efektu fotoelektrikoaren hastapenak ziren horiek; gero Einsteinek fenomenoa aztertu eta Nobel Saria irabazteko balio izan zionaren hastapenak, hain zuzen.

Maxwellen ekuazioak txinparta oszilatzailean erradiazio elektromagnetikoak sor zitezkeela zioen. Oszilazio bakoitzak uhin bat sortu behar zuen, erradiazioak oso uhin-luzera handia izango zuelarik. Argia 300.000 km/h-ko abiaduraz hedatzen denez, segundoaren milarenean gertatutako oszilazioak 300 kilometro inguruko uhin-luzera izango luke.

Erradiazio hori detektatzeko Hertzek kiribilkatutako alanbre bat erabili zuen, espira artean aire-espazio txiki bat utziz. Korronteak lehen espiran erradiazioa sortzen zuenean, horrek bigarrenean korrontea eragingo zuen. Bere detektagailuan txinparta txikiak saltatzen zirela ikusi zuen Hertzek. Detektagailua gelako puntu desberdinetan ipinita, txinpartaren intentsitatearen arabera uhinen ezaugarriak aztertu eta beren uhin-luzera kalkulatu zuen. 66 zentimetrokoak ziren, hau da, argi ikusgaiarena baino milioi bat aldiz uhin-luzera handiagokoak. Uhin horiek elektromagnetikoak zirela ere frogatu zuen.

Ingalaterran Lodge-k Hertzen saiakuntzak egiaztatu egin zituen eta Italian Righi-k argi-uhinekin zeukaten harremana frogatu zuen. Gero Marconik uhin hertziarrak haririk gabeko telegrafian erabili zituenean, irrati-uhin izena eman zieten (irrati, berez, "irrati-telegrafia"ren laburdura da, hau da erradiazio bidezko telegrafoarena, zeina korronte elektrikoaren bidezko telegrafoarekiko oso bestelakoa baita).

Hertzek Bonngo Unibertsitatean izpi katodikoak aztertu zituen. Izpi horiek gorpuzkuluak ez eta uhinak zirela iruditu zitzaion, zeren metalezko oso plaka meheak zeharkatu egiten baitzituzten. Gero Thomsonek frogatu zuenez ordea, elektroia atomoa baino askoz partikula txikiagoa da eta materia erraz zeharka dezake.

Hertzek liburu batzuk ere idatzi zituen fisikari buruz; Uhin elektrikoak 11893) eta Mekanikaren oinarriak (1899), besteak beste. Indukzioan dielektrikoek duten portaera ere esplikatu zuen.

Hertz gazterik hil zen (hogeita hamazazpi urte bete baino lehen) odolean zeukan gaitz kroniko bat media. Bonnen eraman zuen heriok 1894.eko urtarrilaren 2an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia