}

Helios hegazkina

2001/07/17 Elhuyar Zientzia

Helios, NASAk eraikitako hegazkin berezia, Lurretik 23.000 metrora ibili zen hegan joan zen igandean. Hawaii-en egindako probako hegaldia erabat arrakastatsua izan zen.

Helios gidaririk gabeko hegazkina da eta eguzki-energiaz dabil. Eguzkiak elikatutako motor elektriko txiki bana dago hegazkinaren 14 propultsatzaileetan. Alderik alde 75 metro neurtzen ditu, eta 2,5 besterik ez zabaleran. Bi pilotuk lurretik kontrolatzen dute ordenagailu eramangarrien bidez. NASAk uda-bukaeran 30.000 metroko altueraraino bidali nahi du Helios, ohiko hegazkinak ibiltzen diren baino hiru bider gorago.

NASAk aplikazio-esparru bat baino gehiago esleitu dio Heliosi. Batetik, ordezko satelite gisa edo kostu txikiko telekomunikazio-plataforma gisa lan egin ahal izango duela uste dute. Bestetik, 18.000-30.000 metroko atmosfera-zatia aztertzeko tresna egokia dela uste dute, eta, adibidez, urakanen jarraipena egiteko balioko duela.

Helios bezalako hegazkin bat baino gehiago eraiki du NASAk, eta azken boladan behin baino gehiagotan izan dugu haien berri. Urrutira gabe, joan den hilean Pathfinder-Plus
izan genuen atal honetan mintzagai.

Bideoa ikusgai:
http://news.bbc.co.uk/olmedia/1440000/video/_1441087_solar22_bruce_vi.ram

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia