Helduak lagungarri alfabetizazioak garunean duen eragina aztertzeko
2009/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Donostiako BCBL zentroko Manuel Carreiras da ikerketa-taldearen buru
Irakurtzen ikasten dugun heinean gure garunaren egitura nola aldatzen den ikertu du Donostiako Basque Center on Cognition Brain and Language zentroko zuzendari zientifiko Manuel Carreiras buru duen ikertzaile-talde batek. Ikertzaile britainiarrek eta kolonbiarrek ere parte hartu dute ikerketa horretan. Ikerketa horren berri Nature aldizkarian eman dute.
Irakurtzen ikasten dugun heinean garuna nola aldatzen den ulertzea lan zaila da. Izan ere, gehienok haurrak garenean ikasten dugu irakurtzen, bestelako trebetasunak edo abileziak ikasi ahala. "Hortaz, ia ezinezkoa da haurtzaroan irakurketa-irakaskuntzak eraginda garunean gertatzen diren aldaketak bestelako trebetasunek edo abileziek sortzen dituzten aldaketetatik bereiztea" azaldu du Carreirasek. "Helduen garunetan, ordea, ez dira aldaketa horiek guztiak gertatzen".
Helduaroan alfabetatutako hogei gerrillari ohien garunen erresonantzia magnetikoen irudiak hartu, eta alfabetatu gabeko beste hogeirenekin alderatu dituzte.
Eta ikusi dute materia grisak (prozesamendua gertatzen den gunea) dentsitate handiagoa duela ezker-hemisferioko hainbat gunetan, irakurtzen ikasi dutenen artean. Espero zitekeenez, gune horiek hizkien ezagutzaren, hizkiak dagozkien soinuetan itzultzearen eta hitzen esanahiaren arduradunak dira. Irakurketak garuneko konexioak sortzen dituen materia zuriaren dentsitatea ere areagotzen du.
Ikerketa honek, halaber, zirkunboluzio angeluar gisa ezagutzen den garuneko gunetik sortzen diren eta hara doazen konexioak aurkitzeko aukera eman du. Duela 150 urtez geroztik dakite zientzialariek irakurketarako gune garrantzitsua dela hori, baina ikerketa honek erakutsi du zirkunboluzio angeluarrak prozesu horretan duen garrantzia ez dela behar bezala ulertu.
Lehen pentsatzen zen zirkunboluzio angeluarrak hitzen formak ezagutzeko ardura zuela hitzen soinuetara eta esanahira jo baino lehen. Gaur egun, berriz, ikertzaileek ikusi dute zirkunboluzio angeluarrak ez dituela zuzenean hitzak soinuetara eta esanahietara itzultzen, baizik eta irakurketa-prozesuan parte hartzen duela, hitzaren esanahia ezagutuz hizkiak aurreratuz.
"Aurkikuntza garrantzitsua da oso. Izan ere, zirkunboluzio angeluarrak irakurketa-prozesuan duen eginkizuna zehaztea lortu dugu. Bestetik, dislexia duten pertsonen garunaren eta ez dutenen garunaren arteko ezberdintasunak ere azaldu ditugu" dio Carreirasek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia