}

Hego polotik mundura

1995/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hego poloa gure planetako azken zokoa da. Leku urrun eta bakarti horretan, gizakiak natura beraren kontra borrokatu behar izaten du bere iraupena ziurtatzeko. Alabaina, borroka horretan ez da gehiago bakarrik izango, Internet sareak aurki hedatuko baititu bere “olagarro tentakuluak” bertaraino. EEBBetako ikerlari-talde bat dago asmo erraldoi horren atzean. Eguraldi-satelite baten bidez, informazio-trukaketa erraztuko duen sarea eraman nahi izan dute bertara.

Aurrikusitako epeak betetzekotan, hurrengo urtearen hasieran erabilgarria izango da Internet sarea Hego polo osoan, zenbait baliabide informatiko bertako klima-baldintzetara egokitu ostean. Internet sarea Hego poloan erabili ahal izateak askok uste baino abantaila gehiago ekarriko du.

Besteak beste, astronomoek nozituko dituzte aurrerapenaren onurak, Hego poloa behaketak egiteko lekurik aproposena izanik, informazio-sare azkar eta eraginkorra bertantxe erabili ahal izateak asko erraztuko eta azkartuko baititu beren saioak. Programako arduradun teknikoek ziotenez, “hotzaren kontrako borrokan nagusitu egin da Internet”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia