}

Hego Euskal Herriko zientzia: koadro klinikoa

1995/06/01 Ugalde, Unai Iturria: Elhuyar aldizkaria

Titulu horrek analisi derrotista baten sarrera dirudi. Baina, zaude unetxo bat ondorioetara iritsi aurretik. Edozein osaketa bideratu baino lehen gaixotasunaren sintoma guztiak zehazki aztertu behar baitira. Gero ikusiko da konponbiderik badagoen! Arrazoi historikoengatik, Euskal Herria Espainian kokatua izan da zientzia munduan. Espainiak egundoko erabaki traketsa eta atzerakoia hartu zuen XVI. mendean, Martin Lutherren Erreformaren aurka Kontraerreforma mugimendua burutu zuenean.

Unibertsitatearen iharduera guztiak Elizaren Dogma-pean geratu ziren, eztabaida eta ikerketa esperimentalak debekatuz. Horrela, Espainiak XVII. mendeko aurkikuntzei uko egin zion, eta hari beretik, XIX. mendeko Iraultza Industrialaren aurrerapenei ere bai. Inperio beldurgarrienetarikoa izatetik, bigarren mailako atoitxo ahula izatera pasatu zen Espainia teknologi arloan. Eta jakina, ekonomian ere bai.

Egoera horretan, bertako ikerketa sustatu eta teknologia sortu ordez, kanpotik ekarri izan da, eta ikerlarien prestakuntza erabat kaxkarra izan da Espainiako Estatuan. Bigarren mundu-gerra ondoren 1978ra arte, Estatu espainiarrean Barne-Produktu Gordina-ren (BPG-ren) % 0,3 destinatzen zen ikerketara, beste herri aurreratuetan aldiz, % 1,8-2. Oro har, hamar enpresetatik seik, atzerriko patentea edo prozesuak erabiltzen zituzten ofizialki eta askok fusilatu egiten zituzten.

Gaur egun, itxuraz hobekuntza handi baten ondoren, BPG-ren % 0,82ra iritsi da Espainia ikerketa-gastuetan, Europako herri aurreratuenak % 2,1 inguru dabiltzan bitartean. Baina, esan behar da ere, Espainian enpresek ikerketa-gastuaren % 8 bakarrik burutzen dutela, Estatu Batuetan % 37 eta Japonian % 43 den bitartean. Beraz, egiten den ikerketa ez dago enpresako lanarekin lotuta, eta ez du etorkizunean aberastasun ekonomikoarekin harreman zuzenik izango. Politikoek egin duten ahaleginak ez du oraindik sustrairik zabaldu Kontraerreformak sortutako basamortuan.

Hego Euskal Herria ez da, ordea, Espainiako batezbesteko zonaldea, zoritxarrez. Egoera politikoa zela eta, 1978 bitartean ez zen Euskal Herriko Unibertsitate publiko bat sortzeko aukerarik (borondaterik) izan, eta bertan egin ziren ikerketa-proiektuek Espainian egiten zenaren % 6 suposatzen zuen, nahiz eta BPG-ren % 20 inguru sortu eta pertsonako errenta altuenetakoa izan. Gaur arte, “Consejo Superior de Investigaciones Científicas” delako ikerketa-erakundeak ez du Hego Euskal Herrian egoitzik edo laborategirik, nahiz eta 3.000 ikerlari eta 10.000 langile baino gehiago izan Estatuan zehar.

Eusko Jaurlaritza sortu zenetik ahalegin handiak egin dira ikerketa eta teknologia berpizteko, nahiz eta ekintzak izan eta ez plan berezi eta orokorra. Ikerketarako konpetentziarik eskuratzen ez duen bitartean, Espainiako plan orokorreko dinamikan segituko du Hego Euskal Herriak, eta egoera hau aldatzen ez den bitartean, lehen sortu diren desoreka berak mantendu egingo dira orain arte finko segitzen duten era berean.

Horrela ikusita, izenburuan aipatutako Koadro klinikoa nahikoa kezkagarria dela esan genezake. Dena dela, badago irtenbiderik.

Kontraerreforma kaltegarria suertatu zen era berean, neurri historikoak hartu ditzakegu Euskal Herriaren egoera zientifikoa eta teknologikoa hobetzeko.

  1. Hezkuntza (maila guztietan) era berezian bultzatu, ikasle bakoitzak jasotzen duen ikaskuntza-maila hobetzeko. Kalitatezko masa zientifikoa sortzea izan beharko luke gure lehen helburua.
  2. Euskal lurraldeak politika zientifiko propioa eduki beharko luke.
  3. Ikerlari bakoitzari jarraipen estua egin beharko litzaioke erakunde publikoetatik, harreman pertsonalaren bidez hobekuntza areagotzeko.
  4. Hurrengo 25 urtetan Euskal Herriak BPGren % 3 inbertitu beharko luke ikerketan, eta enpresen proiektuen zatiak % 25era iritsi beharko luke epe horretan.

Hego Euskal Herriaren Zientzia ez dabil oso ongi, baina bere garrantzi historikoa ondo ulertuz gero, osatuko dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia