Hegaztiak bezain bitxiak
2000/05/07 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Blackburn B-20
Ur-hegazkin hau teknologikoki aurreratuegia izan zen bere garairako, Bigarren Mundu Gerraren hasierarako. Krosko erretraktila zuenez, hegoak uretatik urrutiago geratzen ziren. Proiektua ikusi eta gero, Erresuma Batuko aire-armadak prototipoa egiteko baimena eman zuen, baina Rolls-Royce etxeko Vulture motorra jartzeko aginduarekin. Neurri handi batean horrek Blackburn B-20 hegazkinaren erabilgarritasuna baldintzatu zuen. Proba-hegaldian krosko erretraktilak azterketa gainditu zuen, baina aleroietako batek huts egin eta prototipoa itsasora erori zen. Abentura hor bukatu zen.
Cornelius XFG-1
Bonba-jaurtitzaileak erregaiz hornitzea zen planeagailu honen zeregina. Bonba-jaurtitzailearekin lotzen zen kable baten bidez eta pilotu automatikoarekin gidatzen zen, nahiz eta bestela gidatzeko aukera ere bazuen. Planeagailua erregaiz beteta egoten zen, eta erregaia grabitatearen indarrez ematen zitzaion bonba-jaurtitzaileari, beti haren gainetik egoten baitzen. Erregaia bukatzean askatu eta galdu egiten zen. 1945. urtean Estatu Batuek probatu zuten. Planeagailuak ondo baino hobeto bete zuen bere zeregina, baina etorkizunik ez zuen, gerra bukatzearekin batera erregai-hegazkinen kontzeptua alboratu egin baitzen.
Curtiss-Wright CW 21 Demon
Ehiza-hegazkina izan nahi zuen, baina eskas samarra gertatu zen horretarako. Estatu Batuetako Curtiss aeronautika-enpresak atera zuen merkatura, baina ez zuen arrakastarik izan. Dena den, txinatarrek prototipoa bera eta beste hiru hegazkin erosi zituzten. Ez ziren Txinara iritsi, Birmania zeharkatzen ari zirela mendi batekin jo eta bertan galdu baitziren. Era berean, holandarrek, Indonesian japoniarrei aurre egiteko ehiza-hegazkin honen aldeko apustua egin zuten. 1941eko abenduaren 8an, holandarrek 17 Curtiss-Wright CW 21 Demon zituzten; handik bi hilabetera, 5 baino ez ziren geratzen, japoniarrek paperezkoak bailiran bota baitzituzten. Hegazkin honen historia Kuban -entrenamendurako erabili zituzten- eta Perun -Ekuadorren aurkako gerran erabili zituzten- bukatu zen.
D'Equevilly
Wright anaiena ikusi eta gero, batek baino gehiagok zera pentsatu zuen: "hego bat edo bi hegan egiteko nahikoa badira, hego askorekin hegaldia hobe izango da". Horietako bat Frantziako Equevilly-ko markesa izan zen. Zurezko egitura zuen trasteak eta hiru zilindroko motorra. Kate baten bidez, metalezko helizea mugiarazten zen. Gidaria zurezko egituraren erdian eseritzen zen. Ez zuen aireratzerik lortu.
Fairey Battle
Royal Air Forcek 1936. urtean atera zuen hegazkin honek izugarrizko ikusmina piztu zuen, garairako sekulako gaitasuna zuelako -455 kilogramoko karga eraman zezakeen eta 1.448 kilometroko autonomia zuen-. Horretaz gain, diseinua ere bikaina zen. Hori ikusita defentsarako ez zioten arma gehiegi jarri, abiaduran -orduko 388 kilometro- konfidantza handia baitzuten. 1939rako britainiarrek alemaniarren hegazkinen garapenaren berri zutenez, garairako egokitu beharrean ekoizpena handitu zuten. Fairey Battle ugari egin zituzten, baina 3 urte lehenago zeruetako jaun eta jabe izan zitekeen hegazkina, 3 urte geroago ez zen alemaniarren hegazkinei ihes egiteko gai. Sedan-eko gudaldian parte hartu zuten 71 Battle-etatik 40 lurrera bota zituzten. Hori ikusita baztertu egin zituzten.
Kayaba Ka-1
Japoniarrak izan ziren armaz betetako lehen autogiroa erabili zutenak. Behaketara bideratutako autogiro hau 30eko hamarkadan diseinatu zuen Japoniako Kayaba enpresak. 1941ean egin zuen lehen hegaldia. Japoniarrek 240ren bat egin zituzten. Hegazkin-ontzietan erabili ziren gehienbat, airetik itsaspekoak behatzeko.
Nord 500
Hegazkin honek bai izan zuela diseinu bitxia! Itxuraz gain, Frantziak egindako hegazkin honetan, hegaldiaren kontzeptu benetan modernoa izan zen deigarria: aireratze eta lurreratze bertikala. Motorretik irteten zen airea lurrerantz zuzentzen zen eta, ondorioz, hegazkinak gorantz egiten zuen. Bi prototipo egin ziren, 67an bata eta 68an bestea, eta biekin probak egin ziren. Hegazkina aireratu zen, baina beti ere lurrera lotuta. Proiektua bertan behera geratu zen Frantziako gobernu-politikaren aldaketagatik.
Republic XF-84H
Ingeniaritza-porrot galanta izan zen hegazkin honen oinarrian, estatubatuarren F-84 ehiza-hegazkin arrakastatsua zegoen. Oinarrizko hari muturra luzatu zioten, aurrealdean hiru besoko helizea jarri, hegazkinaren luzera handitu zen baina hegoen tamaina txikitu… guztia turbohelizearen teknologiarekin probak egin nahian. Emaitzak oso eskasak izan ziren: helizeak zarata izugarria egiten zuen, burutu ziren 12 hegaldietatik 11 larrialdiko lurreratzearekin bukatu ziren, militarrek ez zuten hegaldietan parte hartu nahi eta Republic enpresako gidariek egin behar izan zituzten, oso abiada txikiak lortu ziren…, 50eko hamarkadan alboratu egin zuten, diru mordoa gastatu eta gero.
TT-1 Pinto
Hegazkin hau 1956an egindako lehiaketa baten ondorio izan zen. Lehiaketaren helburua ehiza-hegazkinak hartu aurretik entrenamenduak egiteko balio zezakeen hegazkina egitea zen. Beraz, entrenamendurako lehen erreaktorea izan zen. Zoritxarrez Pintoaren diseinua garairako oso aurreratua zen, eta baztertu egin zuten. Hamarkada batera, 1978. urtean, Filipinetako armadak prototipoa erosi zuen; hegazkina bera, diseinu-eskubideak, hegazkinaren komerzializazio-eskubideak, eta planoak. Filipinarrek izena aldatu zioten, handik aurrera Cali izango zen. Bazirudien etorkizun ona izan zezakeela, Filipinetan industria aeronautikoa abian jar zezakeela, baina Marcos diktadorea boteretik bidali zutenean Cali-ren etorkizuna ezerezean geratu zen.
Veb 152
Hegazkin hau Ekialdeko Alemanian egin zuten, Dresden, 1958an. Bistan dagoenez, diseinu sobietarrekoa da. Ehiza-hegazkina izan nahi zuen, baina bonba-jaurtitzaile itxura zuen. Lurreratze-trena hegazkin zibiletan erabiltzen zirenen antzekoa zen, muturrean kristala zuen, eta hegoa arraro samarra. Prototipoaren probak abian jarri eta hiru hilabetera lurrera erori zen eta eztanda egin zuen. Hala ere, hegazkinaren diseinatzaileek bigarren prototipoa ere egingo zuen. Beste bi hegaldi egiteko gai izan zen, besterik ez. Hortaz, proiektua bertan behera utzi zuten.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia