}

Hegazkinetako kaxa beltzak, beltzak al dira?

2000/02/23 Elhuyar Zientzia

1950eko hamarkadan bai, hegazkinetako kaxa beltzak beltzak ziren. Baina 1965.az geroztik, kaxa horiek laranjak edo horiak dira, kolore horiek urrutira errazago ikusten baitira. Edonola ere, kolorea aldatu arren, izena gorde dute eta kaxa beltzak izenarekin darraite.

Gaur egungo hegazkinek bi kaxa beltz dituzte. Batak hegazkinean banatutako 300 sentsorek igorritako datuak jasotzen ditu. Besteak, hegaldiaren azken 30 minutuetan aginte-kabinan izan diren irrati-transmisioak eta elkarrizketak grabatzen ditu. Grabaketak euskarri informatikoan gordetzen dira.

Kaxa beltzak altzairu herdoilgaitzez edo titanioz babestuta daude. Gainerako ezaugarrien artean honakoak aipa daitezke: batetik, grabitazio-indarrak sortzen duen azelerazioaren laukoitza, 30 minutuz 1.100 ºC-ko tenperatura eta 6.000 m-ko sakoneran urak sortzen duen presioa jasan ditzake. Bestetik, hegazkina itsasora eroriz gero, 37,5 kilohertz-eko irrati-uhinak igortzen ditu; uhin horiek, 4.000 m-ko sakoneran ere detekta daitezke. Orain arte aipatu ez bada ere, kaxa beltzak hegazkinaren isatsean kokatzen dira, hori baita lekurik seguruena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia