
Zirkulu Artikoko Svalbard uhartean Munduko Hazien Kripta (Global Seed Vault) inauguratu berri dute. Mendi baten barruan sartzen den 125 metroko tunel baten bukaeran dauden hiru gelak eratzen dute kripta. Barruan, mundu osoko nekazariek hazten dituzten espezie guztien, edo askoren, laginak gordeko ditu. Hain zuzen, 4,5 milioi hazi-lagin gordetzeko lekua dauka, eta lagin bakoitzak ehunka hazi izan ditzake.
Helburua da nekazaritzan erabiltzen diren hazien dibertsitateari eustea, gaur egungo elikagai-produkzioari eutsi ahal izateko. Gainera, leku jakin batean, edo mundu osoan, hondamendiren bat gertatuko balitz, orain arteko nekazaritzarekin berriz hasteko aukera izango lukete.
Zirkulu Artikoko mendi baten barruan dagoenez, hango permafrostak bermatuko ditu haziek behar dituzten tenperatura- eta hezetasun-kondizioak. Zero azpitik 18-20 gradutan gordeko dituzte, eta hezetasun-maila ere oso txikia izango da, hazien metabolismo-jarduera txikia dela ziurtatzeko.
Itxuraz alde ilunik ez duen ekintza horrek, dena den, trabak batzuk baditu. Batetik, ziurtzat jo dute haziak kondizio onetan gordeko dituztela eta, behar izatekotan, baliogarriak izango direla handik ateratakoan. Baina ez dute inola ere frogatu horrelakorik. Bestetik, edozeinek ezingo ditu eskuratu edo erabili gordetako hazi horiek. Erakunde jakin batzuetako kideek bakarrik izango dute horretarako aukera, eta ez une jakin batean haziak beharko dituen edonork. Gainera, biltegiaren azkeneko arduraduna Norvegiako gobernua da. Gaur egun, zuzen eta fidagarritzat jotzen da gobernu hori, baina ez dago esaterik aldatuko ote den.
Argazkiak: Mari Tefre-Svalbard Global Seed Vault (argazki txikia) eta Global Crop Diversity Trust (marrazkia)
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.







