Haustura hidraulikoaren bidezko gasaren aurreikuspenak, ez hain onak
2014/12/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Natureren arabera, Texasko Unibertsitatearen kalkuluak EIArenak baino askoz ere finagoak dira, besteak beste, estrapolazioak egiteko erabili duten azalera EIArena baino 20 aldiz txikiagoa delako. Eta emaitzak ez dira, inondik inora ere, EIArenak bezain itxaropentsuak. Adibidez, 2030 urterako EIAk aurreikusten duen gasaren erdia baino ez dela egongo kalkulatu du Texasko Unibertsitateak.
Zientzia-aldizkariak gogorarazi duenez, azken hamarkadara arte, gasa erauzteko ez da asko erabili haustura hidraulikoa, gasak zuen prezioa aintzat hartuta, teknologia garestiegia baitzen. Alabaina, gas-biltegi arruntak agortu ahala, eskistoetan biltegiratutako gasera jo behar izan du energia-industriak; horrekin batera, haustura hidraulikoa hobetu eta merkatu egin da. Hala, azken urteotan, haustura hidraulikoak indar handia hartu du Estatu Batuetan, eta beste herrialde batzuk ere hasiak dira teknologia hori erabiltzen lurpean dutten gasa erauzteko.
Gauzak horrela, Estatu Batuetako gobernuak bultzada handia eman dio gasaren industriari, eta eragin handia du herrialdearen ekonomian. Texasko Unibertsitateak egindako kalkuluak ezagututa, ordea, Nature beldur da usteak ustel gertatuko direla, eta beste herrialde batzuek ere arrisku bera dutela du, adibidez, Poloniak.
Kalkuluez harago
Iritzi berekoa da Javier Arostegi Garcia EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko irakaslea. Haren esanean, datuak garbi erakusten ari dira EIAk egindako aurreikuspenak ez direla zuzenak: "Esaterako, EIAk berak Marcellus eskistoaren erreserba uste zutena baino hiru aldiz txikiagoa dela aitortu zuen 2012an". Hain zuzen, Marcellus eskistoa Estatu Batuetako gas-biltegi handiena da;Virginia Mendebaldeko, Pennsylvaniako eta New Yorkeko lurrak zeharkatzen ditu, eta, egunean ateratzen duten gasa nahikoa da herrialde osoko erregai-planten erdiak hornitzeko. Bada, orain badirudi espero baino lehenago agortuko dela.
Arostegik ohartarazi duenez, Europako aurreikuspenen zehaztasun-eza are nabarmenagoa da. Horren adierazle da, adibidez, Norvegiak erreserbak guztiz ezabatu izana, azken datuek gasik ez zutela erakutsi baitzuten. "Frantzian ere, hasieran itxaropena zuten arren, aprobetxatzeko moduko gas gutxi dutela ondorioztatu dute berriki", gehitu du Arostegik. Eta, Naturek bezala, Polonia aipatu du: "Hasiera batean, aurreikuspen onenak zituen herrialdea zen Europan, baina, bi urteko epean, EIAk % 20 jaitsi ditu aurreikuspenak".
Kalkuluen zehaztasunaz harago, aurreikuspenek ekonomian eta politikan duten garrantzia azpimarratu du Arostegik: "Gobernuek aurreikuspen horien arabera egiten dituzte inbertsioak eta planak. Horren ondorioz, bazterrean geratzen dira energia aurrezteko neurriak, baina, nire ustez, ikusita erregaiak agortzen ari direla, ez dugu beste biderik: energia aurreztu eta zentzuz kontsumitu behar dugu". Horrekin batera, klima-aldaketari aurre egiteko baliagarriak ziango diren politika energetikoetara jotzea proposatu du Arostegik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia