}

Haurtzaroko istripuak

1989/09/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur egun, eta duela zenbait urtez gero, istripuak dira HAUR-HILKORTASUNAREN ARRAZOI LEHENA ETA NAGUSIA, urtebetetik 15 urtera bitarteko umeetan bestelako arrazoiak (eritasun infekziosoak, sortzetiko akatsak, etab.) zeharo gaindituz. Gehiago oraindik: istripuek heriotza gehiago sorterazten dituzte adin hauetan eritasun infekzioso guztiek batera baino.

Oro har, istripu bezala ospitaleratzea eskatzen dutenak, eskolako lanak etetea edo atentzio medikoa eskatzen dutenak hartzen dira. Talde honetan etxetik kanpoko istripuak ere sartzen dira (zirkulaziokoak batez ere), baina dena den, horrek ez dio istripuen kopuruari inolako garrantzirik kentzen.

Istripu-mota nagusienak.

Adin-taldeen arabera, istripu-motarik arruntenak hauek dira:

  1. Urtebetetik beherakoetan: hauek eskolaurrea baino lehenago gertatuak (itomena, erorialdiak, erredurak eta toxikapenak).
  2. 1-4 urte bitartean. Istripurik gehienak etxe barruan, kasu honetan eskola barruan, gertatzen dira. Garai honetan, toxikapenak (garbiketarako tresnak, botikak, gomak, plastilina, etab.) eta traumatismoak (erorialdiak, kolpeak, etab.) dira arrazoi nagusi.
  3. 5etik 15 urtera bitartekoak. Adin-talde honetan istripurik gehienak etxetik kanpo gertatzen dira: zirkulazioko istripuak, eskolan jolas-orduan gertaturikoak, etab.

Zergatik gertatzen dira haurren istripuak?

  • Umeak mugitzeko, jolasteko beharra dauka. Ezin du geldirik egon, eta noski, azkenean ...
  • Bere garapan psikomotorea ez da nahikoa oraindik: baldarrak dira zenbait gauza edo mugimendu egiteko.
  • Gauza berriak egiteko, esperimentuak egiteko jakinmina du, eta bestetik arriskuaren ezagupenik ez dauka.
  • Gizartea modu batera antolatua dago eta askotan umearen ahalmenak (eta nahiak) ez daude antolamendu horretara egokituak.
  • Guraso eta hezitzaileen kontzientziazio- eta ezagutza-falta.

Istripu-mota nagusienak

Asko dira, noski eta oso ezberdinak, umetan gerta daitezkeen istripuak. Hemen, ondoren, nagusienak aipatuko ditugu, garrantziaren arabera sailkaturik:

  1. Erorialdiak, kolpeak
  2. Zirkulazioko istripuak (trafikoarenak, joan-etorrian gertatuak)
  3. Pozoidurak, toxikapenak (botikak, garbiketarako gaiak, ...)
  4. Erredurak (sua, metxero eta poxpoloak, korronte elektrikoa)
  5. Itodurak (asfixia, kontrako eztarritik sartzeagatikoak, uretan gertatutakoak, etab.)
  6. Elektrokuzioak

Non eta nola gertatzen dira istripu horiek?

  • Erorialdiak eskaileratan, edo zerbaitekin behaztopa egin (jostailuren bat, aulkia, kableak, ...) eta eroriz, edo jolasean dabilela. Arrisku berezia dute leihoek, balkoiek, etab.ek.
  • Zirkulazioko istripuei dagokienez garrantzizkoa da umeei ahalik eta lasterren, ahal den neurrian, kaleko zirkulazio-araurik nagusienak ezaguteraztea. Bestalde eskola-inguruko bide eta kaminoetan seinale egokiak ezarri eta babes-neurri bereziak hartu behar dira.
  • Pozoidurak edozein gairekin gerta daitezke. Zergatik? Substantzia horiek modu desegokian gorde direlako, umeak erabil dezakeen botilaren batean gai arriskutsuren bat gordetzen delako (adib. lixiba gaseosa-botila batean, edo disolbatzaileren bat ur-botila batean, ...).
  • Erreduren arrazoi nagusia deskuidoa izaten da gehienetan. Edo umea bero-iturri batera gehiegi hurbiltzen da (sukaldea, labea) edo umea handi samarragoa denean berak poxpoloak, edo metxeroak edo antzeko gauzak manipulatzen dituelako.
  • Itodurak era askotakoak izan daitezke eta toki ezberdinetan gertatu: objektu txikiak irensteagatik (jostailuak edo hauen zatiak), plastikozko poltsekin jolasean dabiltzala, piszina, ibai edo itsasoan gertatutakoak. Baita soka, kable, pertsiana, barrote, etab.ekin gertatuak ere.
  • Elektrokuzioak. Egoera txarrean dagoen instalazio elektrikoagatik gertatzen dira (kable solteak, gaizki lotu eta isolatuak, estali gabeko entxufeak, etab.).

Istripu hauen aurrean zer egin?

Lehen-lehenik (eta ezinbestekoa da hau) prebentzio egokia.

Hau da, aipatu ditugun faktore ezberdinetatik gure esku daudenak behinik behin baztertu edo ebitatzea.

Hemen segurtasunaren arazoa eskolan sartzen da, batetik, eta osasun-arta edo atentzio medikoarena bestetik.

1. Eskolako segurtasunari buruz hainbat puntu ikus daitezke:

a) Eskolako puntu arriskutsuen ardura berezia
Eskailerak
Sarbideak (trafikoaren arazoa). Emergentziarako instalazioak
Ateak (barrurantz irekitzea hobe)
Leihoak
Jolas-lekua (zolua, kolunpio eta antzekoak, hesiak)
Komunak (garbitasuna, ur-instalazioa)

b) Eskolako elektrizitate-instalazioa, gas-instalazioak, berogailuak, etab. Sarritan aztertu eta berrikusi beharko dira, egoera onean egon daitezen. Bestalde, babes- edo estaldura-neurri egokiak eduki ditzatela (kableak, entxufeak, ertz edo kantoiak, etab.).

c) Autobusak arreta berezia eskatzen du.
Txoferraz gain beste arduradunen batek ere joan behar luke autobusean.

2. Bestalde, eskolan eman daitekeen atentzio medikoa gehiegizkoa ez den arren, komeni da beti ere lehen laguntzei buruzko informazioa duen norbait egotea. Dena den ikastetxe batean argi egon behar luke zerbait gertatu ondoren zein aseguru-mota edo zein instituzioren laguntza eduki dezakeen: umea nora eraman, etab.
Lehen laguntzak eta lehen sendaketak egiteko beharrezkoa da (edo oso komenigarria behintzat) gela berezitu bat horretarako prestatzea: kamila edo etzateko bat, botikina.

Botikinean gauza gutxi, baina eguneratuak:
Oihal garbiak. Gasak. Bendak (zabalera ezberdinetakoak)
Esparadrapua. Tiritak. Kotoia
Artaziak. Pintzak. Termometroa
Alkohola. Ur oxigenatua. Merkromina
Guzti honetarako noski, arduradun bat (edo talde bat, guzti honen ardura bere gain hartuko lukeena) egotea komeni izaten da eskola edo ikastetxe bakoitzean.

3. Azkenik, inola ere ezin daiteke ahaztu aurreko guztia osatzeko, HEZIKETA SANITARIOAK duen garrantzia. Ikasleei ohitura eta portaera egokiak irakatsi behar zaizkie, istripuen zergatiak eta prebentzioa, trafiko-arau sinple batzuk, etab.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia