}

Haurren DNA-laginak, gozokien truke

2010/09/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kilometroak, Nafarroa Oinez, Urriko azken astelehena... halakoek ez dirudite ikerketa genetiko baterako laginak lortzeko leku eta une egokienak. Edo bai? Minnesotako Unibertsitateko Logan Spector pediatrarentzat, seguru asko, aproposak izango lirateke. Hain zuzen ere, Minnesota Estatuko Azokan izan berri da Spectorren taldea, haurren DNA-laginak biltzen.

Estatu Batuetako azokarik handienetakoa da Minnesotakoa. Aurten, abuztuaren 26tik irailaren 6ra bitartean izan da, eta, urtero bezala, gurinezko eskultura bat egitea izan da ekitaldi nagusietako bat. Esnearekin eta ganaduarekin lotutako beste erakusketa eta ekintza asko ere egin dituzte, eta, horiez gain, azoka erraldoi horietan ohikoak diren atrakzioak, jolasak, musika eta bestelako ikuskizunak ere izan dituzte Minnesotan. Eta, haietaz gozatzeko, ehun mila pertsona baino gehiago bildu dira egunero.

Ikertzaileek Minnesotako azokara jo dute, haurren DNA-laginen bila.
(Argazkia: Jason DeRusha )

Aurreko urteetan, diabetes-testa egiteko eta odol-presioa neurtzeko egokiera izan dute bisitariek. Aurten, Spector pediatrak beste aukera bat eman die guraso diren azokazaleei: haien haurrak ikerketa bateko partaide izan daitezke.

Gopher Kids Study izena du, hau da, Urtxintxa Haurren Azterketa, eta haurren osasunerako eta garapenerako gako diren geneak identifikatzea da haren helburua. Horretarako, 1 eta11 urte bitarteko 500 haurren laginak biltzeko asmoa zuen Spectorren taldeak aurtengo azokan; beti ere, gurasoen baimenarekin.

Berez, ez da zaila DNA-lagin bat hartzea, nahikoa da makilatxo batekin masailen barrualdeko zelula batzuk biltzea. Gainera, haurren garaiera, pisua, gerri-buelta eta odol-presioa neurtu behar zituzten ikertzaileek, eta, nahi izanez gero, haurrek odol-tanta bat eta azazkal-zati bat ere eman zitzaketen, horiek ere oso baliagarriak baitira osasun-egoerari buruzko datuak lortzeko.

Gainera, aurten parte hartu duten haurrei hurrengo bi urteetan ere parte hartzeko eskatu diete. Horrenbestez, bi urte horietako azoketarako sarrerak doan eman dizkiete haurrei eta gurasoei, eta beste oparitxo batzuk ere jaso dituzte; adibidez, atrakzioetan ibiltzeko txartelak.

Bestalde, laginak eta haietatik lortutako informazioa zertarako erabiliko duten gurasoek sinatu beharreko baimen-orrietan zehaztu dute ikertzaileek. Spectorrek azaldu duenez, gurasoek noiznahi atera ditzakete beren haurrak eta haien laginak ikerketatik, eta, parte-hartzaileek 18 urte egiten dituztenean, ikertzaileak haiekin harremanetan jarriko dira, galdetzeko ea haien laginak gordetzen jarrai dezaketen.

Kritikak ikerketari

Bermeak berme, laginak lortzeko moduak ez du denen oniritzia jaso. Biopolitical Times blogean, adibidez, izenburu esanguratsua duen artikulu bat argitaratu dute: Urtxintxa Haurrak edo akuriak ? (jatorrizkoan, Goher Kids or Guinea Pigs?) Estatu Batuetako Genetika eta Gizarterako Zentroaren bloga da hori, eta egileak kritika gogorrak egin dizkio ikerketari.

Hasteko, baimen-orrietan dauden azalpenak ez zaizkio nahikoak iruditu, inondik inora ere. Gainera, halako azoketan izaten den giroa ez zaio egokiena iruditu halako ikerketa batean parte-hartzeak izan ditzakeen ondorioei buruz pentsatzeko, ezta, horrenbestez, baimenak sinatzeko ere.

Azkenik, ikerketaren helburua bera anbiguoa dela uste du. Izan ere, haur normal eta osasuntsuak garatzeko geneak identifikatzeko asmoa dutenez, egileak uste du arriskua dagoela hortik ondorioztatzeko normala dela ezaugarri batzuk izatea, eta ez, ordea, beste batzuk izatea. Horrek bazterkeria ekar dezakeela ohartarazten du.

Edonola ere, artikulu hori adibide bat baino ez da; zientzian espezializatutako beste komunikabide batzuetan ere azaldu dira antzeko kezkak; esaterako, Nature aldizkariaren webgunean. Eztabaida plazan da.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia