Hatz-marken bidezko identifikazioa zalantzan
2002/02/10 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
XX. mendearen hasieratik oraintsu arte, kriminologiako ikerketetan ez zegoen hatz markak emandako informazioa gezurtatuko zuen adierazpen ala lekukorik. Ikertzaileentzat ez zegoen hatz-marka bat aurkitzea baino gauza pozgarriagorik, horrek errore juridikorik ez zela egongo bermatzen baitzuen.
Baina Philadelphiako juje batek zalantzan jarri du daktiloskopìa. Urtarrilaren 7an eman zuen ‘United States vs Plaza’ kasuari buruzko epaia (bi mafia puertorricarren arteko liskarrei buruzkoa) Louis Pollak jujeak. Haren esanean, zientifikoki ezinezkoa da bi hatz marka berdin-berdinak direla esatea.
Ez du zalantzan jartzen gizabanako bakoitzaren hatz-markak bakarrak direnik, baina, bere ustez, adituen konparazioak ezin litezke guztiz seguruak izan. Hortaz, adituek epaimahaiari parekotasunak eta diferentziak azaldu besterik ezin dute egin eta, inolaz ere ez, bi hatz-marka berdinak direla adierazi.
Pollak jujearen adierazpenak oso serioski hartu dituzte adituek, nahiz ez den hatz marken bidezko identifikazioa zalantzan jartzen den lehen aldia. 1999an, abokatu batek jarri zuen lehen aldiz zalantzan hatz-marken bidezko identifikazioa epaiketa batean. Geroztik beste hogei bat saiakera egin dira, baina arrakastarik gabe.
Pollak jujeak 1993ko jurisprudentzia batean oinarritu du bere epaia. Auzitegiaren arabera, metodo zientifikoek, aintzat hartuak izateko, baldintza hauek bete behar dituzte; artikulu zientifikoen bidez egiaztatu behar dira, zientzialariek, oro har, onartu behar dituzte eta errore-tasa zenbatekoa den jakin behar da.
Pollak jujearen esanean, hatz-marken identifikazioak ez ditu baldintza horiek betetzen. Izan ere, David Stoney adituaren arabera, bi hatz-marka berdinak direla adierazteko hautemate subjektibo batean oinarritzen dira ikertzaileak eta ez egiaztapen estandar eta objektibo batean. Gainera, jujearen ustez, joan den mendean hatz-markei buruz asko idatzi bada ere, ez da erabat zientifikoa den argitarapen askorik egin.
Hatz-marken historia
Hatz-markak esku eta oinetako azaleko kretez osatuta daude. Txinpantze, gorila eta orangutanek ere badituzte hatz-markak. Enbrioian oso goiz osatzen dira, eta bizi osoan zehar bakarrak diren ezaugarriak gordetzen dituzte. Gizabanako bakoitzaren hatz-markak bakarrak dira (bikiek ere desberdinak dituzte) eta, horregatik, kriminologiako ikerketetan, medikuntzan eta arkeologian asko erabili izan dira.
Baina hori guztia ez da gaur goizeko kontua. Hatz-marken arrastoak Paleolito garaiko leize-zuloetan aurkitu izan dira, adituek zergatik edo zertarako erabiltzen ziren ez dakiten arren. Geroztik, duela 5.000 urte, Babiloniako salerosketetan, buztinezko taulatxoetan hatz-markak uzten ziren izenpeko gisa, eta, gerora, baita antzinako Txinan ere.
Europan, Marcello Malpighi italiarra izan zen, XVII. mendean, hatz-markak ikertzen lehena. Ondotik, 1823an, Jan Evangelista Purkinje txekiarrak bederatzi taldetan sailkatu zituen hatz-markak, baina 1870ean erabili ziren lehen aldiz pertsonak identifikatzeko.
Ideia Tokioko ospitale bateko Henry Faulds kirurgilariari otu zitzaion, historiaurreko ontzi batean hatz-markak identifikatu zituenean. 1880an Nature aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen: ideia plazaratu eta hatz-markak grabatzeko idazteko tinta beltza erabiltzea proposatu zuen.
Baina Henry Faults-en lana ez zen horretan gelditu. Hatz-markak jasotzeko hainbat hauts-mota erabil daitezkeela ohartu zen eta Charles Darwin naturalista ezagunari idatzi zion bere aurkikuntzak jakinarazteko. Ordurako zahartuta zegoen Darwini eta ez zitzaion gaia interesatu, eta bere lehengusu Francis Galton-i helarazi zion informazioa.
Galtonek interes handiarekin heldu zion gaiari eta hamar urte luze pasa zituen hatz markak sailkatu nahian. Bere helburua, antropologoa izaki, hatz-markak jatorri etnikoaren ezaugarri-gisa erabili ahal izatea zen, baina hori ezinezkoa zela ohartu zen. Berak frogatu zuen ia ezinezkoa dela bi hatz-marka berdin aurkitzea
1891n, Juan Vucetich polizia argentinarrak hatz-marken lehen fitxategia osatu zuen, eta bera izan zen hiltzaile bat hatz-markekin identifikatzen lehena.
Eta, esan bezala, urtarrilaren 7ko epaia arte, daktiloskopia zalantzan jarri ezin zitekeen froga zen. Orain, hainbat adituk daktiloskopiaren ziurtasunari buruzko eztabaida sortu behar dela adierazi dute, eta orain arte nahiko isilpean gordeta egon den ikerketa zahar bat ekarri dute gogora. Ikerketa hori CTS (Collaborative Testing Service) kabineteak egin zuen 1995ean 150 identifikatzaileren lana aztertzeko. Emaitzak txarrak izan ziren: identifikatzaileen % 22k identifikazio okerrak eman zituen.
Badirudi Pollak jujearen erabakiak hautsak harrotu dituela eta, agian, polizia-ikerketetan erabiltzen diren beste arrastoak (ADNa, gurpil-arrastoak, ileak...) ere zalantzan jarri beharko dira. Jurisprudentzia egiten badu, aurrerantzean adituek probabilitateez hitz egin beharko dute. Hau da, bi ADN edo bi hatz-marka berdinak izateko probabilitatea zenbatekoa den esan beharko dute.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia