Hasieran ere izarrak binaka

Unibertsoan sortu ziren lehenengo izarretako batzuk izar-sistema binarioak izan bide ziren, Estatu Batuetako Stanford Unibertsitateko eta Michigan Estatu Unibertsitateko ikertzaile batzuek ondorioztatu dutenez.

Sortu berritan unibertsoan ustez zeuden kondizioak simulatu dituzte, eta aztertu dute nolako eboluzioa izan zuten unibertso hartako gas-hodeiek; alegia, izarren aurrekariek. Aurretik egindako simulazioek adierazten zuten garapeneko lehengo faseetan unibertsoko izarrak bakarka sortu zirela, hasierako gas-hodeiak kolapsatzearekin batera.

Ikerketa berriak, ordea, iradokitzen du gas-hodei bakarretik bi izarreko sistemak ere era zitezkeela. Irudiko ilustrazioan, izar bana sortuko duten bi nukleo ikus daitezke gas-hodei batean.

Irudia: © Science/AAAS

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia