}

Hartzek hibernatzean indarra galtzen al dute?

2001/02/22 Elhuyar Zientzia

Pertsonen giharrek, ikerketarako erabiltzen diren saguenek bezala, egonean denbora asko igaro ondoren, indarra eta bolumena galtzen dute; eskeleto-muskuluak gaitasuna galtzen dute eta ahuldu egiten dira. Horregatik, bazitekeen negua beren kobazuloetan pasatzen duten hartzei ere antzeko zerbait gertatzea.

Izan ere, hartz beltzak (Ursus americanus) urteko 5-7 hilabete igarotzen ditu hibernatzen. Denbora horretan gorputz-tenperatura 4 °C jaisten zaie, ez dute edaten, ez jaten, ezta txizarik ez kakarik egiten ere eta ez dute inolako mugimendurik egiten.

Horregatik, hibernatzen zeuden hartz batzuen giharretako biopsiak egin zituzten eta pertsonetan ezagunak diren hainbat parametro neurtu zituzten, alderatu ahal izateko. Emaitzak harrigarriak izan ziren: hartzen zuntz muskularren kopurua eta neurriak ia ez ziren aldatu.

Hori ikusirik, Estatu Batuetako Wyoming-eko Unibertsitateko ikerlariek arazo neuro muskularrak dituzten pertsonekin erabiltzen den metodo bat aplikatu zieten hartzei. Metodo hori gaixotasunak aurrera egin ahala gaixoek pairatzen duten ahulezia neurtzeko erabiltzen da eta egokia da hibernatzen dauden hartzekin erabiltzeko, ez dietelako inongo kalterik sortzen.

Ohean egon beharra duten gaixoek eta simulatutako hegaldi espazialetan pertsonek beren indarraren % 0,7 galtzen dute egunero. Hartzek, 130 egun geldirik egon ondoren, bere indarraren % 90 galduko zutela espero zitekeen. Baina % 23ko galera besterik ez zutela jasan ikusi zuten.

Dirudienez, ordezko proteina-iturria erabiliz mantentzen dute eskeleto-muskuluen indarra eta bolumena, proteinen sintesirako urearen nitrogenoa birziklatuz edo muskuluak erritmikoki kitzikatuz. Prozesu horiek ezagutzea lortzen bada, bide berriak zabalduko dira arazo muskularren tratamenduan, ohean luzaroan egon behar duten gaixoentzat eta bidaia espazial luzeak egiten dituzten astronautentzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia