Hartza, urtetik urtera urriagoa
2004/05/01 Elosegi Irurtia, Migel M. | Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hartza lo egon da negu osoan. Loaldi ederra, bai, baina udaberrian esnatu da. Eta esnatze hori ez da txantxetakoa; gose esnatu da, oso gose. Hartzulotik atera da janari bila joateko; negu osoan erretako energia erreta, argal-argala geratu da, eta, oraindik, pisua berreskuratzeko beharra dauka. Horregatik, bailaran, artzainak kezkatuta daude. “Mesedez, ez dadila neure artaldera hurbildu”, pentsatzen dute gehienek.
Hartza inauteri inguruan esnatzen da. Ez da kasualitatea; inauteriek neguaren bukaerarekin zerikusia dute. Udaberria hasi gabe egoten da artean, baina, ordurako, elurte gogorrenak, ustez, bukatuta daude. Nafarroa aldeko Pirinioetan, Baztan aldean adibidez, badakite hori. Nola ez? Milaka urteko eskarmentuak aztarna sakona utzi herri-jakindurian.
Hain zuzen ere, hango herri batzuetan iraun duten inauteri tradizionaletan hartzari egiten diote erreferentzia; dantzan ateratzen diren pertsonaien artean beti izaten da hartza edo jatorrian hartza izandakoren bat. Animalia horrek gizakiarentzat izan duen garrantzia nabarmena da, eta ez bakarrik inauterietako dantzetan; herri askotako armarrietan eta beste hainbat ikurretan agertzen da. Lilura ala ikara? Zer adierazten du horrek? Biak, beharbada.
Hartzak eragiten duen lilura ez da harritzekoa; ez da, besterik gabe, piztia bat. Animalia handia da, arriskutsua, baita ehiztaria ere, baina ez da nazkagarria. Basoan baiak jaten ikusten duenarentzat, animalia maitagarria da. Eta ez maitagarria bakarrik; gizakia liluratuta utzi du bi hankatan jartzeko duen ahalmenak. Berdin du mehatxu egiteko edo ingurua zelatzeko egiten duen: hori egiten duenean, gizakia ematen du; gizaki indartsua, adimentsua eta azkarra. Jakina, lau hankatan ibiltzen da, baina aztarnak ikusita, bi hankatan ibiltzen dela ematen du, atzeko hatzaparra aurrekoaren oinatzaren gainean jartzen baitu.
On egin, hartz jauna
Animalia misteriotsu hori neguaren hasieran desagertzen da, kobazulo batean sartu eta hibernatu egiten du, udaberriarekin tenperatura epeltzen den arte. Neguari aurre egiteko modu berezi horren ondorioz, esnatutakoan, energia berreskuratu behar izaten du. Orduan hasten da gizakiarekin lehian; orduan bukatzen da gizakiaren lilura, eta ikara azaltzen da. Hartzak jan egin behar du, eta ardiak edo txekorrak dira aukeretako bat.
Baina beti ez du ganadua jaten, baizik eta harrapatzeko erraztasunak dituenean soilik. Kontuan hartu behar da hartza orojalea dela; hau da, okela jateaz gain, arrainak eta landareak ere jaten ditu. Haren elikaduraren oinarria landareak dira, dietaren % 75 hain zuzen. Ezkurrak, elorri zuriaren baiak, pago-ezkurrak, gaztainak, masustak eta abar jaten ditu. Zer esanik ez, eztia ere oso gustukoa du.
Okela jaten duenean ere, ez ditu beti ganadua edo animalia handiak jaten; intsektuak, karraskariak, amuarrainak eta beste hainbat animalia txiki ere jaten ditu. Eta, ehizatzen duenaz gain, hartza sarraskijalea da; hildako animaliak jaten ditu. Beraz, ganaduaz gain, hartzak jateko aukera zabala du. Orduan, zergatik hiltzen du ganadua?
Ibiltaria
Hartzak denetatik jan dezake, baina, noski, horretarako, inguru aproposean bizi behar du. Ekosistema guztiz 'natural' batean elikagai horiek guztiak ditu hatzak eskuragarri. Naturak berak mugatzen dio elikadura. Baina, gaur egun, bailaretako behealdean hartzak ez du egoera naturalik aurkitzen, gizakiak sortutako egoera baizik; eta horrek esan nahi du, alde batetik, ez dituela hango baliabide naturalak aurkitzen, eta, bestetik, gizakiaren elikagai-iturriekin egiten duela topo.
Inguru natural batean egon beharko luke ganaduari erasorik ez egiteko. Baina horrelako gunerik ez da gelditzen. Bailaretako behealdean zein basoetan eta mendietan dago ganadua. Hartzak erraz topatzen ditu artaldeak edo behiak, eta eraso egiten die. Irtenbiderik baldin badago, hartzak bizitzeko moduko gune natural bat izatea da, eta gune horren barruan egin dezala bizitza. Baina horrelako guneak izateko arazo asko dago.
Lehen arazoa, noski, gunea bera lortzea da, ganadua gune horretatik atera beharko bailitzateke. Eta, horrelako gune bat izanda ere, hartza bertan mantendu behar da, ezin zaio irteten utzi. Eta hori ere ez da batere erraza, hartza ibiltari handia baita eta lehenago edo geroago ospa egingo baitu gune horretatik.
Ibiltari-izaera hori ederki ezagutzen dute Pirinioetako artzainek; hartz gutxi daude Pirinioetan, eta, beraz, guztiak dira ezagunak. Horregatik, batzuetan, baten bat ikusten dutenean, identifikatu egiten dute. Horrela jakin izan dute biologoek hartza leku batetik bestera azkar mugitzen dela; ehunka kilometroko distantziara dauden tokitan ikusi izan dute hartz bera. Itxuraz baldarra badirudi ere, mugikortasun handia du hartzak.
Mugikortasun hori dela eta, hartzaren kontserbaziorako erabili beharreko guneak oso gune zabala izan beharko luke; ez da erraza horrelako eremu handi bat behar bezala babestea. Dena dela, hainbat tokitako ereduari jarrai dakioke: hartza kontserbatzeko guneak erakargarri turistiko gisa erabil daitezke. Horixe egiten dute Estatu Batuetako parkeetan eta, neurri txikiago batean, Asturiasen adibidez. Hartzak turismoa sustatzen du, eta, horrela, administrazioak kontserbatzeko ahalegin bereziak egiten ditu.
Horrelakorik ikusiko dugu inoiz Pirinioetako hartzarekin? Egoera asko aldatzen ez bada behintzat, ez. Izan ere, orain arte hartzaren alde egindako jarduerak ez dira begi onez ikusi, eta, gainera, ez dira ondo kudeatu eta, beraz, ez dute arrakasta handirik izan.
Etorkizun beltza du hartzak Pirinioetan. Hain zuzen ere, Euskal Herrian hartz bakarra gelditzen dela esan daiteke (Camille ospetsua), eta, hamar geldituko balira ere, irauteko aukerak urriak lirateke. Orain ez bada, ezin izango da hartza kontserbatu. Eta betidanik gurekin izan dugun basoko laguna galdu egingo dugu.
Kontserba daiteke Pirinioetan hartza?
XXI. mendean Pirinioetan hartz arrea kontserbatzea ez da ezinezkoa, baina bai aski zaila. Izan ere, hartzak izateko haien bizilekua babestu behar da, eta horrek soka luzea dakar, eremu handi eta lasaiak behar dituen espezie honek aurrez aurre jotzen baitu ingurunea etengabe aldatzen duen giza garapenarekin. Hortaz, hartzak bizi ahal izateko, Pirinioetako giza jarduera guztiak, hala nola, turismoa, ehiza, basogintza, edo abeltzaintza, antolatu beharko lirateke kontserbazioarekin bateragarri izan daitezen.
Hori lortzea ez da lan erraza, baina guztion aldetik borondatea jarriz gero posible da. Pirinioak aski handiak izan daitezke eskia, basurde-ehiza, artzaintza, edota bertako espezieen kontserbazioa aurrera eramateko, baina, jakina, guztiak une eta leku egokian egin behar dira, alegia, ongi antolatuta. Nola, ordea? Abeltzaintzaren kasuan, adibidez, hartzak eragindako galerak ordaindu egin behar dira, eta hartza dagoen tokitan lan egin behar izateagatik jardueraren iraupena bermatuko duten laguntzak eman. Kalte-ordain eta konpentsazio-sistema egoki batek konpon dezake neurri handi batean abereei egindako erasoen arazoa. Berdin jokatu beharko litzateke basogintzaren eta ehizaren kasuan. Alegia, jarduera horiek eta hartza bateragarri izatea bilatu beharko litzateke, eta, ezinezkoa den kasuetan, kaltetuei konpentsazioak eman. Horrek ez luke kostu handirik izanen dirutan, eta gizarteak horretara bideratu beharko luke dirua, hartzak kontserbatu behar direla erabakiz gero.
1998an zenbatetsi zen Kantabriar Mendikateko hartz bakoitza urtean 600 euro kostatzen zitzaiola administrazioari. Pirinioetan, eta Camille adibidetzat hartuta, kostua handiagoa da, baina, hala ere, milaka euro batzuetako kontua da, eta, gainera, erasoei aurre hartzeko sistemak ezarriz gero, askoz txikiagoa litzateke kopuru hori. Nolanahi ere, batzuei irudituko litzaieke hartzak salbatzea garestiegia dela. Baina, erne! Ingurunea babestuz hartza bizi dadin lortzen baldin bada, orduan beste espezie asko, ugatza, basoilarra, igel piriniarra, okil gibelnabarra, eta abar, kontserbatzen ariko ginateke, hau da, ekosistema piriniarra. Eta, nire ustez, baita gizakia ere. Izan ere, hartzekin batera bizitzen ikasiko bagenu eta haien beharrizanei erantzuna eman, Pirinioetako baliabide mugatuak era jasangarrian erabiltzen ariko ginateke, eta, beraz, gizakia ez litzateke munduaren etorkizuna kolokan jartzen ariko.
Migel Mari Elosegi
Energiarekin jolasean, bizitza salbatzekoZer egin dezake animalia batek neguko hotzetik babesteko? Oreinak egiten duena egin dezake: giroa hoztu ahala, bailaran behera joan daiteke toki epelago baten bila. Hartzak, ordea, ez du hori egiten, hibernatu egiten du. Horretarako, hartzulo batean sartu, eta loa baino egoera geldoago batean murgiltzen da; gorputza bizirik irauteko behar dituen jarduerak minimoetara eramaten du, metabolismoa moteltzen du, arnasa ere polikiago hartzen du, bihotzak minutuko zortzi/hamar taupadako erritmoan ponpatzen du odola, ez du jaten eta, jakina, ez du gorotzik edo gernurik kanporatzen. Horrela ikusita, ez dirudi energia-gastu handia egiten duenik, baina kontuan hartu behar da lau bat hilabete eman behar dituela hartzuloan. Izan ere, hibernatzea energiaren joko arriskutsua jokatzea da. Gizen-gizena sartzen da hartzuloan, eta oso argala ateratzen da handik, pisua berreskuratzen hasteko prest. Baina arazoa ez da hor bukatzen. Kontuan hartu behar da kumeak hibernatze-garaian jaiotzen direla, eta horrek gastu gehigarria ekartzen dio emeari. Horregatik jaiotzen dira hain txikiak, hartzuloan dauden bitartean ahalik eta energia gutxien behar izateko. Nolanahi ere, harrigarria da: ehun kilotik gora pisatuko duen animalia 300 gramorekin jaiotzen da. Kumeek apirilean edo maiatzean uzten dute hartzuloa, bost edo sei kiloko pisuarekin. Noski, amak elikatu ditu. Gizendu behar izan du, eta kumeak elikatu; oso urtaro kritikoa da udaberria hartz emearentzat. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia