}

Hartley 2, gertutik

2010/11/09 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Irudimen pixka batekin, hor goiko elementuari kakahuetearen, txakurrentzako hezur handi baten edo haltera (pisu) baten antza har geniezaioke lehen begiratuan. Hartley 2 kometa da, ordea.

Azaroaren 4ko goizean, Epoxi espazio-ontzia haren albotik pasa zen, 700 bat kilometroko distantziara, orduko 43.000 kilometroko abiaduran. Eta une hartan lortutako irudiak orain artean kometa bati ateratako onenetarikoak direla nabarmendu du NASAk. Gainera, aurretik beste lau kometa bakarrik ezagutzen genituen hain gertutik; hau bosgarrena da.

Lortutako irudiei esker jakin dute, adibidez, Hartley 2 dimentsio murritzekoa dela: haren nukleoa bi kilometro luze da, eta haren “lepo” estuak 0,4 kilometro baino ez ditu.

Kometa distiratsua da, eta haren gainazaletik hautsa eta gasa nola irteten diren ikus daiteke irudian. Eskuinaldeko argia Eguzkiari dagokio.

Irudia: NASA/JPL-Caltech/UMD.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia