}

Harrien adina; mendiak ez dira beti zaharrak

2004/02/29 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

strong>Askotan galdetu diot neure buruari ea geologoek ziria sartzen diguten ala ez. Mendikate bat gaztea dela esaten dutenean, zaila egiten zait sinestea. Nola izango da, bada, mendi bat gaztea?
Zumaiako labarretan erraz ikusten dira sedimentuak.

Mendi gaztea mendi zaharra baino geroago sortutakoa izango da; begi-bistan dago. Baina, nola jakin daiteke noizkoa den mendi bat edo harri bat? Zuhaitzetan bai, enborra moztuta jakin daiteke adina, urte bakoitzak eraztun bat utzi duelako. Baina mendietan ez da eraztunik grabatzen; urteak ez du arrastorik uzten.

Eta, zer esaten didazue paleontologoei buruz? Fosilen adina zehazteko, geologoen jokoari eusten diote. Batzuek diote karbono-14aren proba egin baino lehen badakitela fosilaren adina , besteak beste, hainbat urteko sedimentu baten azpitik atera dutelako. Baina nola dakite sedimentuaren adina?

Neanderthalen fosil gehienak zaharregiak dira karbono-14aren bidez analizatzeko.

Sekretua isotopo erradiaktiboetan datza. Karbono-14 ospetsua horietako bat da. Erradiaktiboa izateak esan nahi du material horren atomoek pixkanaka galtzen dituztela nukleoetako partikulak. Ondorioz, nukleo bat beste batean transformatzen da. Esate baterako, karbono-14 atomoa, denborarekin, nitrogeno-14 bilakatzen da. Dena dela, denbora asko behar da aldaketa hori gerta dadin. Hain zuzen ere, karbono-14 atomoen multzo batean erdiak nitrogeno bilakatzeko 5.730 urte pasatu behar dira. Eta beste hainbeste beharko dira geratzen direnen erdiak nitrogeno bilakatzeko. Horregatik deritzo erdibizitza. Kontzeptu garrantzitsua da. Fosil batek zenbat karbono-14 atomo dituen neurtu, eta, bizi zen garaian zenbat zituen jakiterik badago, fosilaren adina kalkula daiteke, gutxi gorabehera.

Guretzat 5.730 urte denbora asko da, baina ez paleontologoentzat. Adibidez, denbora-tarte hori hiru aldiz pasatu denean, 17.190 urte, alegia, fosilari hasieran zituen zortzi karbono-14etatik bakarra geratzen zaio, eta gero eta zailagoa da geratzen direnak detektatzea. Eta, hala ere, fosil gutxi sartzen dira denbora-tarte horretan, gehienak askoz zaharragoak dira. Beraz, karbono-14a ospetsua da, baina ez du balio dinosauro baten fosilaren adina jakiteko, ezta Atapuercako gizakiena ere. Dagoeneko ia karbono-14 guztia galdu dute, eta ezin da detektatu.

Sumendietan harri gazteak sortzen dira.

Baina isotopo erradiaktibo guztiak ez dira abiadura berean desagertzen. Batzuek segundo bat baino erdibizitza laburragoa dute. Beste batzuek milaka milioi urtekoa. Kaltzio-37 atomoek 175 milisegundo besterik ez dute behar erdia desintegratzeko. Uranio-238aren kasuan, aldiz, 4.500 milioi urte pasatu behar dira. Eta horregatik erabiltzen da bigarrena harrien adina kalkulatzeko, eta ez lehendabizikoa. Uranio-238a eta potasio-40a eta torio-232a eta beste asko. Neurketa horien eta karbono-14aren kasuan oinarria bera da. Kontua da, adibidez, harri batek zenbat uranio-238 duen eta sortu zuenean zenbat zuen jakinda, kontuak egitea.

Sinetsi behar diegu geologoei? Nola dakite uranio-238aren erdibizitza 4.500 milioi urtekoa dela, eta ez, adibidez, 118.000 urtekoa? Ziur nago kasu batean zein bestean inork ezin izan duela horrelakorik neurtu. Egia esan, beste denbora batzuk zehaztasun handiz neurtu dituzte. Neon-19aren erdibizitza 17,2 segundokoa da, adibidez, eta iodo-131rena 8,07 egunekoa, eta tritioarena, hidrogeno-3arena alegia, 12,26 urtekoa eta abar. Geologoek ikusi dute neurgarriak diren isotopo guztiak patroi berarekin desintegratzen direla, nahiz eta denbora-eskala aldatu egiten den batetik bestera. Beraz, neurgarriak ez direnek ere patroi berari jarraitzen diote, eta ez da beharrezkoa 5.730 urte itxarotea, adibidez, karbono-14aren erdibizitza baieztatzeko. Lehen urteetako jokaerak ematen die bidea geologoei kalkulua egiteko.

Jakin daiteke Aralarko mendiak gazteak edo zaharrak diren?

Beraz, horrela neurtzen dute harrien adina geologoek. Hala ere, beste kontu bat geratu zaigu zintzilik. Ez dugu den-dena argitu. Nola jakin daiteke Txindoki edo Anboto eratu zirenean zenbat uranio-238 zuten hango harriek? Datu hori beharrezkoa da hango harrien adina jakiteko. Geologoek estimazio bat egiten dute. Lurra sortu zenean, uranio-238aren kantitate bat zegoen, eta, denborarekin, galtzen ari da. Baina galtze horretan, atomoak ez dira, besterik gabe, desagertzen. Desintegrazio erradioaktibo bakoitzean, uranio-238aren atomoa berun-206 bihurtzen da. Eta berun-206a egonkorra da. Ez da erradioaktiboa. Ez da desintegratzen. Beraz, uranio-238 atomo bat desegin den lekuetan, berun-206 atomo bat topatzen dute geologoek. Datu horrek lagundu egiten du adina eta jatorrizko uranio-kantitatea kalkulatzen.

Badago jakitea, beraz, mendi bat edo harri bat gaztea edo zaharra den. Eta, gainetik bada ere, badago ulertzea horren guztiaren atzean dagoen teoria. Geologoek ezin dute dena ziurtzat eman; beharbada, onartuta diruditen argudio guztiak ez dira zuzenak, eta litekeena da egunen batean teoriaren akatsak aurkitzea. Dena dela, geologoek oraingoz daukaten teoria zentzuzkoena aplikatu dute. Eta harrien iragana ezagutzeko modua, behintzat, aurkitu dute.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia