}

Harri nekatuak

1999/10/01 Ezpeleta Arenaza, Txema | Ruiz-Larrea, Isabel - Irakaslea eta ikertzaileaFisika Aplikatuko Saila II, EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Harrizko bloke handiak harrobitik erauztea, eta gero, toki batetik bestera eramatea buruzagi baten zuzendaritzapean diziplinaz eta iraunkortasunez egin beharreko lanak ziren. Arestian adierazi denez, inkek sokak, arrabolak eta, batez ere, ahal zuten giza indar guztia erabiltzen zituzten harriak garraiatzeko. Egia esan, arrakasta handia lortzen zuten lanean, oso gutxi baitziren bide bazterrean istripuen ondorioz geratutako harritzarrak. Bazeuden, baina, egoera horretan geratutako harri batzuk, eta inkek harri nekatuak esaten zieten. Gainera, harri nekatu horiek gaitzat hartuz, elezahar hunkigarriak asmatzen zituzten.

Adibide gisa, hona hemen Garcilaso de la Vega-k, "Inka" izena hartu zuen kronista cholo-ak (mestizoak), XVI. mendean idatziriko "Comentarios Reales" liburutik hartutako zati baten moldaketa.

Nekearen nondik norakoa

Indiarrek diotenez, gaur egun dagoen tokiraino iristeko pairatu behar izan zituen nekeak eta oinazeak zirela eta, harria nekatu egin zen, odol-malkoak isuri zituen eta ez zuen eraikineraino heltzerik izan. Harria landu gabe dago, erauzi zuten tokian zegoen bezain zakar. Harriaren zati handi bat lurpean dago, eta orain, nik ikusi nuenean baino barrurago dagoela esan didate. Indiarrek harriaren azpian altxor bat zegoela uste zuten, eta bertatik atera nahian, lurra hondeatzen hasi ziren, eta azkenean, barrurago joan zen harria. Ertz batean pare bat zulo dauka eta, oker ez banago behintzat, zuloek aldenik alde zeharkatzen dute harria. Indiarren arabera, zuloak harriaren begiak dira, odol-malkoak isuri zitueneko tokia. Harriaren barnean metatzen diren hautsa eta euri-ura direla eta, lokatz gorriska sortzen da, eta euria egiten duenean, harriari darion lokatz horrek kolore gorriko arrastoa uzten du, inguruetako lurra gorria baita. Baina indiarrek diotenez, lurrean aurkitutako arrastoa harriak isuritako odolak utzitakoa da. Sarritan entzun izan diet elezahar hau indiarrei.

Egia historikoa, ordea, Amauta inkek kontatzen zutena zen; eurak baitziren jantziak, jakintsuak eta filosofoak. Haien arabera, harritzarra 20.000 indiarrek baino gehiagok zekarten, soka lodietatik tiratuz. Oso motel zihoazen, ardura handiz ibili behar zuten eta. Harria zeramateneko bidea aldapatsua zen oso, igotzeko eta jaisteko zailak ziren hainbat maldarekin. Indiarren erdiek harriaren aurreko aldetik tiratzen zuten, eta beste erdiak atzeko aldean zeuden, harriari eusten, maldan behera joan ez zedin.

Halako aldapa batean zeudela, hutsegite bat izan eta ez zuten denek batera tiratu. Ondorioz, pisuaz harriak amore eman zuen, eta maldan behera joan zen, bidean harria garraiatzen ari ziren hiru edo lau mila indiar hil zituelarik. Halako hondamendia gertatu arren, azkenean, gaur egun dagoen zelairaino jaso zuten. Indiarrek harriak odol-malkoak isuri zituela esaten zuten, ezin izan zelako eraikineraino iritsi, baina odola indiarrek beraiek isuri zuten benetan. Harria nekatu egin zela zioten, eta helmugaraino ez zuela heltzerik izan, baina, eurak nekatu ziren harria tiratzen. Horrela, bada, indiarrei gertatzen zitzaiena harriari egozten zioten. Horrelako istorioak seme-alabei irakasten zizkieten gogoan gorde zitzaten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia