}

Haririk gabeko etorkizuna

2000/12/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kableak, era guztietakoak. Horra hor gizarte modernoaren ezaugarri nabarmenetariko bat. Apurka-apurka, hala ere, paisaiatik desagertzen ari dira. Kableak lurpean sartzen dira, edo ordezkatu eta haririk behar ez duten teknologiengatik ordezkatu. Iragarpenak egitea ez da ez ohikoa ez eta onargarria ere metodo zientifikoaren barruan, baina egiten hasita, badirudi etorkizuna haririk gabekoa izango dela.

Telefono mugikorren inbasioa

Telefono mugikorren izurritea biktimen kopurua bikoizten, hirukoizten, laukoizten ari da. Mugikorrak ohiko tresna bihurtu zituen eztanda 1990eko hamarkadan gertatu bazen ere, denborak aurrera egin ahala eztandaren ondorioak ez dira baretu. Dagoeneko 400 milioi telefono mugikorretik gora dago munduan, eta ez dirudi merkatua asetuta dagoenik. Alderantziz, eskaintzen dituzten zerbitzuak direla eta, haririk gabeko teknologiei oro har -eta telefono mugikorrei bereziki- etorkizunak irrifartsu begiratzen die. Izan ere, iragarpen denek gauza bera diote: teknologia berriak iristearekin batera, telefono mugikorren eskaria bizkortu egingo da.

Telefono mugikorren lehen belaunaldia 80ko hamarkadan iritsi zen, baina ez zuen merkatua gehiegi astindu 90eko hamarkadan bigarren belaunaldia atera zen arte, GSM telefonoena. Hala ere, benetako iraultza oraindik iristear dago, eta honako sigla hauekin etorriko da: UMTS (Universal Mobile Telecommunications System). Jakina denez, horrelako telefonoek Interneten abiada handian nabigatu ahal izango dute, eta horixe da, hain zuzen, gaur egungo WAP telefonoek eta UMTSek izango duten alderik nabarmenena: abiada. WAP teknologiako telefonoek erdibideko lana egingo dute, UMTSek askoz ere aukera gehiago izango baitute: telebistaren funtzioa bete dezakete, bideo-kamerarena, ordenagailuarena, bideo-konferentziak egin ahal izango dira. Dena den, sigla horiek etorkizuna dira, oraina WAP da.

Zer da WAP?

WAP (Wireless Application Protocol) edo Haririk gabeko Aplikazioetarako Protokoloa da, Internet eta beste sare batzuk telefono mugikorretan, eskuzko ordenagailuetan, eta sarerako konexiorik gabeko dispositiboetan alegia.

WAP telefonoak Web nabigatzaileak bezala erabiltzen dira. Erabiltzaileak URLa (Uniform Resource Locator) edo baliabideen bilatzailearekin konexioa egiteko zenbakia markatu behar du. Nabigatzaile arruntek Web-eko informazioa -bai testuak eta bai irudiak- ordenagailuko pantailan ikusi ahal izateko, HTML (Hyper Text Markup Language) lengoaia erabiltzen dute; WAP telefonoek, berriz, WML lengoaia, eskuarekin erabili behar diren gailu txikietara egokitzen den lengoaia hain zuzen ere. Beraz, WML lengoaiaren bidez, posible da sarera konektatuta ez dauden gailuetan -telefonoetan batez ere- testuak eta irudiak aurkeztea eta informazioa eskura jartzea.

WAP telefonoek ohiko haririk gabeko konexioak erabiltzen dituzte, erabiltzaileak behar duena eska diezaion WAP atariari. Horrek eskariak HTTP (HyperText Transport Protocol) protokolora bihurtzen ditu eta Internet bidez bidaltzen ditu. HTTP protokoloa, sarean nabigatzaileak eta zerbitzariak informazioa bidaltzeko erabiltzen duten sistema da, biek elkar ulertzeko duten sistema. Zerbitzariak erantzuten badu, WAP atariak informazioa bidaltzen du WAP telefonoko pantailatxora.

WAP sistemako nukleoa WAP ataria edo sarbidea da. HTTP-proxy modura lan egin dezake; hau da, sare berean biltzen diren ordenagailuei aldi berean eta toki beretik Interneterako sarbidea eman diezaieke. HTMLtik WMLra egiten duten itzulpenaz gain, zerbitzuen eskaria ugaria izan daiteke: WAP telefonoen datu-basea informazioa babesteko, fax-zerbitzuak, posta-zerbitzuak.

Zerbitzuak bezala, WAP telefonoak askotarikoak izan daitezke, baina nahitaez telefono guztiek gutxieneko ezaugarri hauek izan behar dituzte:

  • Hiru lerroko bereizmeneko pantaila eta, gutxienez, zabalera finkoko hamabi karakterendako tokia.
  • Testua sartzeko oinarria. WAP telefonoetan zenbakien botoiak sakatuta, testua ere sar daiteke.
  • Erabiltzaileentzat gutxienez bi gailu: bata egindakoa edo eskatutakoa onartzeko; bestea, berriz, aukerak ikusteko.
  • Atzera egiteko gailua.

Antzekoak dira, baina oso antzekoak?

Baietz erantzun beharko litzaioke galderari, WAP sistemaren eta ohiko Web-eko sistemaren artean antzekotasun handiak daude. Izan ere, WAP plataformaren arkitekturan, sare erraldoiko egituraren eta diseinuaren eragina nabarmena da. Ondorengo bi adibideetan erraz ikusten da hori:

- Web-eko ohiko saioa, HTML transakzioa:

  • Erabiltzaileak nabigatzailea ireki behar du eta URLa zehaztu.
  • Nabigatzaileak URLa aztertzen du eta HTTP eskaria bidaltzen dio zerbitzariari.
  • Zerbitzariak mezua jasotzen du, eta HTTP erantzuna bidaltzen dio nabigatzaileari.
  • Nabigatzaileak itzuli egiten du eta erabiltzaileari erakusten dio.

- WAPeko ohiko saioa:

  • Erabiltzaileak WAP telefonoaren bidez URLa eskatzen du.

  • WAP nabigatzaileak informazioaren eskatzailearen datuak eta URLa biltzen dituen eskaria bidaltzen dio WAP atariari.

  • WAP sarbideak eskaria irakurtzen du, HTTP bihurtzen du eta zerbitzariari bidaltzen dio.

  • Zerbitzariak mezua jasotzen du, eta HTTP erantzuna bidaltzen dio nabigatzaileari.

  • WAP sarbideak erantzuna jasotzen du, WML lengoaiara bihurtzen du eta WAP telefonora bidaltzen du.

  • WAP telefonoak itzuli egiten du eta erabiltzaileari erakusten dio.

Siglak errealitate bihurtuta

Hasieran esan bezala, merkatuan dagoeneko salgai daude WAP teknologia duten telefonoak. Hemen ere ikusten dira. Hurrengo belaunaldiko telefono mugikorren planteamendua are ausartagoa da. Ez dira ahotsaren edo datuen transmisio hutsera mugatuko. Helburua sare osoa egituratzea da. Sare horretatik era guztietako informazioa bidali ahal izango da: ahotsa, irudiak, bideoa. Gainera, sekulako abiadura iragartzen dute etorkizuneko haririk gabeko teknologiarentzat -telefonoentzat 2 Mbps-tik gorakoa, nahiz eta abiada standarra 384 Kbps-ekoa izango omen den (alderatu gaur egungo RDSI lerroek eskaintzen duten 64 Kbps-eko abiadurarekin). Iragarpenak egia baldin badira, kalitate handiko bideo-konferentziak egin ahal izango dira, edo Internet-en nabigatu eta on-line zerbitzuak eskuratu telefonoz beste norbaitekin hitz egiten den bitartean. Beraz, telefono mugikorraren etorkizunak gaur egungoaren ondoan oso bestelako itxura du. WAPak aurrera egiten duen heinean ez da deiak egitera eta jasotzera mugatuko, aukera anitzeko agenda multimedia bihurtuko baitira. Internet -beraz, mundua- poltsikoan eramango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia