Hari-haritik atera da onik

Galapago uharteetan inbaditzailetzat jotzen zuten landare bat, Hibiscus diversifolius, berez hango landarea dela frogatu dute Bernako Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Azkar-azkar ari da hedatzen Galapagoetan landare hori, eta inguru horretako ingurumen-programetan lanean ari diren zientzialariek uste zuten Pazifikoko eskualderen batetik iritsi eta hango landareei lekua kentzen ari zitzaiela. Eta hasiak ziren landarea suntsitzeko planak lantzen.

Bernako Unibertsitateko taldeak landare horren polen-haziak aurkitu ditu gizakia Galapagoetara iritsi baino milaka urte lehenagoko sedimentuetan. Berez hangoa dela frogatu du, beraz. Dirudienez, hogeigarren mendearen erdialdean gertatu zen sute handi batek gehienak suntsitu zituen, eta galdutako lekua berreskuratzen ari da orain.

Argazkia: Melburnian/Wikipedia

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali