}

Hareazko dunen hazkuntza-muga

2009/02/26 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Desertuetako duna erraldoiak zein neurritaraino haz daitezkeen aztertu dute Parisko Ingurune Heterogeneoen Fisikaren eta Mekanikaren Laborategiko ikertzaileek. Lurretik hainbat kilometrora dagoen atmosferako geruza fin batek ezartzen omen du muga hori.

Hareazko duna erraldoiek zenbait metrotako nahiz kilometrotako zabalera izan dezakete. Duna txikiagoak ere badira desertuetan, eta horiek elkartzean sortzen dira, maiz, duna erraldoiak. Dena den, orain arte ez zekiten zein neurritaraino haz daitezkeen.

Sateliteetako eta aireko argazkiak aztertu dituzte, batez ere Afrikako, Hego Amerikako eta Txinako duna erraldoien batez besteko zabalera neurtzeko. Halaber, eremu bakoitzeko tenperatura-neurketak erabili dituzte, mugako geruza horren altuera neurtzeko. Geruza horrek lurzoruko aire zurrunbilotsua eta atmosferako airea, egonkorragoa, bereizten ditu. Ikertzaileek ikusi dute dunaren zabalera aire-geruzaren altueraren araberakoa dela, alegia, geruza-horrek mugatzen duela duna erraldoien hazkuntza.

Irudia: Philippe Claudin (École Supérieure de Physique et de Chimie Industrielles, Paris, France)

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia