Hamar segundoan 140 kilometroko abiadura har dezakeen ibilgailu elektrikoa aurkeztu du Tecnaliak
2010/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
5,7 segundoan, orduko 0tik 100 kilometrora igotzen du abiadura
Potentzia handiko ibilgailu elektriko azkar bat aurkeztu du Tecnalia Korporazio Teknologikoak. Dynacar du izena autoak, eta orduko 140 kilometroko abiadura har dezake hamar segundoan. Orduko 0tik 100 kilometrorako abiadura- aldaketa, berriz, 5,7 segundoan egin dezake.
Ibilgailuak 100 kilowatteko gehienezko potentzia du; iman iraunkorrak dituen motor elektriko sinkrono batek ematen dio potentzia hori. 700 kg-ko pisua du, eta 15 kWh-ko energia biltegiratzeko gai da. Erabat elektrikoa izan arren, aukera ematen du autoaren bateria elikatuko duen gehigarri bat txertatzeko, hala nola pila bat edo barne-errekuntzako motor txiki bat.
Dynacar-ek 70 kilometroko autonomia du hirian, bere funtzioa betetzeko nahikoa. Izan ere, nahiz eta errepide zabalean ibiltzeko egokituta egon, esperimentaziorako autoa da batez ere. Esaterako, bertan probatuko dituzte goi-potentziako trakzio elektrikoko kontzeptu berriak edo propultsio-sistema modernoenak optimizatzea ahalbidetzen duten sistemak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia