}

Hamar neurri proposatu dituzte, amek akademia uztea saihesteko

2023/09/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hamar-neurri-proposatu-dituzte-amek-akademia-uztea
Esther Sebastián González, Alakanteko Unibertsitateko Ekologia Saileko burua eta ikerketaren zuzendaria Arg. Alakanteko Unibertsitatea

Ama izan ondoren emakume askok akademia uzten dutela eta, amaz osatutako ikertzaile-talde batek hori ez gertatzeko hamar neurri proposatu ditu, eta PLOS Computational Biology aldizkarian argitaratu ditu

Artikuluaren egileak Espainiako hamar unibertsitatetako ikertzaileak dira, gehien bat, ingurumen- eta bizi-zientzien arloetakoak, eta nabarmendu dute premiazkoa dela neurri horiek ezartzea, eta mesedegarriak direla, amentzat ez ezik, baita beste askorentzat ere. Horrez gain, zehaztu dute ama terminoa modu inklusiboan erabili dutela, eta barne hartzen dituela, adibidez, aita transak eta guraso ez-binarioak; eta amengan jarri dutela arreta, frogatuta dagoelako arrisku handiagoa dutela akademia uzteko, gurasotasunak dakarrenarengatik.

Haurdunaldian laguntzea da lehen neurria. Instituzioek laguntza-sistema integrala eskaini behar dute, baliabide nahikoekin, eta alderdi fisikoa ez ezik, emozionala eta profesionala ere zaindu behar dute. Jarraian datozen neurriak jada haurra jaio ondorenerako dira. Hurrenez hurren, hauek bildu dituzte: guraso-baimen malguak; haurrak zaintzeko eta edoskitzeko instalazioak; saileko jarduerak eskola-ordutegian antolatzea; irakaskuntza-jarduerak egokitzea, eta profesionalki aurrera egiten laguntzea.

Buru-osasunari ere erreparatu diote, eta lehentasunezko gaia izan behar duela adierazi dute, gainera. Haien arabera, buru-osasuna zaintzeko programak eta baliabide integralak ezartzea ezinbestekoa da akademiako amek izaten dituzten erronkei heltzeko. Aukeren artean, eta amen ongizaterako, aholkularitza-zerbitzuak, estresari aurre egiteko tailerrak eta bizitza eta lana orekatzeko ekimenak aipatu dituzte.

Ongizatearekin oso lotuta dago baita langiro segurua eta inklusiboa izatea ere, ikertzaile guztientzat. Hala, errespetuzko, berdintasunezko eta diskriminazioarekiko zero-tolerantziako kultura sustatzea proposatu dute. Horretarako, amatasunean edo generoan oinarritutako diskriminazio- eta jazarpen-protokoloak ezartzea eta zabaltzea eskatu dute.

Azkenik, lan-kargaren banaketa justua eta gardena bermatu behar dela aldarrikatu dute, eta argi utzi dute amen aldeko neurri horiek ikertzaile guztiei egiten diela mesede. Are gehiago: azpimarratu dute ez dutela eskatzen amek tratu berezia jasotzea, beste inoren gainetik; aitzitik, ohartarazi dute beste talde batzuek ere zailtasunak izan ditzaketela akademian jarraitzeko (zenbait kondizio mediko dituztenak, esaterako), eta uste dute haientzat ere berariazko neurriak diseinatu eta ezarri beharko liratekeela.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia