}

Hamar Eguzki baino argiagoa

1994/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hemeretzi urtez ari dira Estatu Batuetako satelite militarrak Lurra zelatatzen eta atmosferako goiko geruzetan eztanda handiak detektatu dituzte. Izar uxoek atmosferara sartzean desintegratuta sortutakoak izan dira. Baina aurten bere potentzia eta argitasunagatik aurreko guztiak erraz gainditu dituen bat ikusi dute.

Meteoritoa otsailaren 1ean erori zen Ozeano Barean Malaysiatik milaka kilometro batzuk mendebaldera. Desintegratzean igorritako argitasuna Eguzkiarena baino handiagoa zen eta Kusaie irlako arrantzaleek 300 km-ra ikusi zuten. Bola sutan hegomendebaldetik iparrekialderako norabidean sartu zen atmosferara eta 20 kilometroko altitudean eztanda ikaragarria egin zuen.

Meteoritoak 11 kilotoiko potentzia zuen, hau da, Hiroshimako bonba atomikoak adinakoa. Haitzez osatutako meteoritoa zela kontsideratuz, masa 400 tonakoa eta diametroa 7 metrokoa izango zuela eta 15 km/s-ko abiaduraz erori zela kalkulatu da. Baina balio horiek % 30eko argi-errendimenduan oinarrituta egin dira, eta NASAko adituek diotenez, kasu honetan errendimendua % 3koa besterik ez zen. Talkan askatutako energia zinetikoa, beraz, 110 kilotoikoa izango zen, eta meteoritoaren masa 3.000 tonakoa (15 metroko diametroa).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia