Haizeaz baliatu gabe gainditzen dute antzara indiarrek Himalaia
2011/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gauez egiten dute migrazioa, gorantz bultzatuko lituzkeen haizerik ez dagoenean
Uste zutenaren kontra, nazioarteko zientzialari-talde batek ikusi du antzara indiarrek gauez edo goizean goiz egiten dituztela migrazio-bidaiak Himalaian zehar; hain zuzen, goranzko haizerik ez dagoen garaian. Erresuma Batuko Bangor Unibertsitateko ikertzaileek gidatutako talde bat jabetu da horretaz, hegazti horien hegaldiak aztertzeko egin den lehen ikerketan.
Antzara indiarrek Indiatik Mongoliara bidaiatzen dute udaberrian, eta kontrako bidea egiten dute udazkenean. Batean zein bestean, Himalaia mendikatea zeharkatu behar izaten dute: udaberriko bidaian, itsas mailatik 6.000 metroraino igo behar izaten dute; beste noranzkoan, berriz, altitude-tarte txikiagoa izaten dute gainditzeko, abiapuntua gorago, Tibeteko goi-lautadan, baitago.
Halako ahalegina egiteko hegazti horiek izan dituzten egokitzapenak deskribatu dituzte zenbait ikertzailek azken urteetan, hala nola beste edozein hegaztik baino birika handiagoak dituztela proportzioan, hobeki iristen zaiela oxigenoa giharretara eta bihotzera, eta hemoglobinak oxigeno gehiago garraiatzen duela. Hala ere, ezinbestekotzat jotzen zuten Himalaian egunez egon ohi den goranzko haizeaz baliatzea gorako bidea errazago egiteko.
Gai hori argitzeko, 25 antzarari datuak satelite bidez bidaltzen dituzten gailuak erantsi zizkieten, Indian, iparralderako migrazioa egin aurretik, eta Mongoliako 38ri, hegoalderantz abiatu aurretik. Hala, hegaztien kokapenaren, altitudearen eta abiaduraren jarraipena egin ahal izan zuten. Ikusi dutenez, 7-8 ordu behar izaten dituzte animaliok itsas mailatik abiatu eta 6.000 metroko mendiak pasatzeko, eta, batez beste, orduko 64,5 kilometroko abiaduran egiten dute bidea. Hegoalderako hegaldia egiteko gehienez 4,5 ordu behar izaten dituztela ere ikusi dute ikertzaileek.
Abiaduraren datuak lortzeaz gainera, ikusi dute antzarek goranzko haizerik ez dagoenean bidaiatu ohi dutela. Uste dute gaueko eta egunsentiko tenperaturek lagun dezaketela gorputzaren beroa errazago xahutzen eta oxigeno gehiago eskuragarri izaten, eta hori haizearen bultzada baino lagungarriagoa izan daitekeela hegaztientzat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia