Haizea non, energia han
2008/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aerosorgailuak non jarri erabakitzeko baliagarria izan daitekeen mapa bat osatu dute haize ozeanikoen datuak bilduta. Mapa egiteko, NASAren QuikScat sateliteak zortzi urtean jasotako datuak erabili dituzte Kaliforniako JPL laborategiko ikertzaileek.
QuikScat 1999an jaurti zuten, eta ordutik mundu osoko ozeanoen azaleko haizeen abiadura, noranzkoa eta indarra neurtzen ditu. Datu horiek baliagarriak dira ekaitzak aurreikusteko eta eguraldi-iragarpenen ereduak hobetzeko. Orain, haizearen indarra elektrizitate bihurtzeko leku egokienak zein diren jakiteko erabili nahi dituzte datu horiek.
Gainera, haize ozeanikoei etekina ateratzeko behar den teknologia garatuta dago. Areago, dagoeneko martxan daude halako parke batzuk, eta, JPLko ikertzaileen esanean, lehorrekoak baino hobeak dira, batetik, haize ozeanikoak lurrekoak baino indartsuagoak eta egonkorragoak direlako, eta, bestetik, eragin txikiagoa sortzen dutelako ingurumenean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia