Haize-presa
2002/03/12 Elhuyar Zientzia
Duela urte batzuk agian bai, baina gaur egun mendian aerosorgailuak ikusteak ez du inor harritzen. Hori bai, argazkian agertzen dena ikusi eta norbaiti galdetuko genioke ea zer den eta zertarako balio ote duen tramankulu arraro horrek. Bada, aerosorgailua da, haizearen energiaz baliatzeko haize-presa.
Bizkaiko Enerlim eta NECESA enpresek garatu dute proiektua eta Arabako Ekoeolika enpresa sustatzaileak eraiki du instalazioa Burgosko Losa haranean, Orduña gainaren eta Valderejoko parke naturalaren arteko mendi-tontor batean.
Makina hauek ohiko hiru besoko aerosorgailuak baino askoz ere arinagoak dira; beraz, merkeagoak eta egiteko zein instalatzeko sinpleagoak. Horrez gain, makina guztiz modularra da, izan ere, zutabeak, poleak edo palak zatikatu egin daitezke, fabrikazioa, garraioa eta instalazioa errazteko. Garraiatu eta jarri behar den piezarik handiena 12 m-koa eta 2,5 t-koa da hain zuzen, eta, beraz, makina hauek jartzeko ez dago kamioi edo errepide berezirik egin beharrik, ezta garabi erraldoiak erabili beharrik ere. Horrez gain, 4 km-ko distantziatik egitura baino ez da ikusten. Hori guztia dela eta, sistema honen bultzatzaileek haize-presaren ingurumen-inpaktua txikia dela diote. Hegaztientzako ere ez ei da kaltegarria, palen gehienezko abiadura orduko 40 Km-koa denez, hegaztiek erraz saihets ditzaketelako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia