‘Gurearen’ antza duen planeta-sistema hauteman da
2002/06/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Cancer konstelazioan, dozena bat izar baino gehiago aurkitu berri dira. Horietako batek, gainera, astronomoen arreta bereganatu duen exoplaneta bat du inguruan.
Orain arte behatu diren exoplaneta gehienak oso handiak dira, beren izarretik oso gertu orbitatzen dute eta orbita eszentrikoa dute. Aldiz, eguzki-sisteman, neurri horretako planetak Eguzkitik urrun samar daude; beraz, ezin esan gure sistemarekin antz handia dutenik. Dena dela, astronomoen ustean, behatu diren exoplanetak horrelakoak izateak ez du esan nahi ohikoenak direnik, baizik eta horiek errazago detektatzen direla.
Orain, Kaliforniako Unibertsitateko eta Washingtongo Carnegie Institutuko astronomoek beste 15 exoplaneta aurkitu dituztela eman dute jakitera; horiek kontuan hartuta, guztira 90 inguru ezagutzen dira. Astronomoen interesa piztu duena Jupiter baino lau aldiz handiagoa da, eta 55 Cancri bere izarretik 5,5 astronomia-unitateko (AU) distantziara dago; hau da, Jupiter Eguzkitik baino zertxobait urrutirago (kontuan izan behar da AU bat Lurraren eta Eguzkiaren arteko batez besteko distantzia dela eta Jupiter eta Eguzkiaren artean 5,2 AU daudela). Bestetik, Jupiterren orbitak 11,89 urte irauten ditu, eta exoplaneta horrenak, berriz, 13. Beraz, 55 Cancri izarraren sistema urruti egon arren, eguzki-sistemaren antza handia du. Parekotasuna, ordea, hortxe bukatzen da, planeta erraldoi horretaz gain, izarretik hurbil beste bi planeta handi baitaude; horietako bat 0,12 AUra besterik ez, eta bestea 0,24 AUra.
Hain planeta handiak beren izarretik hain gertu nola egon daitezkeen azaltzeko, bi teoria nagusi daude gaur egun. Astronomoak 1.200 izarretik gora ari dira aztertzen, eta oraindik datu asko jaso behar dira teoria zuzena zein den jakiteko. Beraz, pixka bat itxaron beharko da gure planetaren antza duen besteren bat badagoen ala ez argitzeko.
Gehiago jakiteko egin klik hemen .
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia