}

Gure txikiak

2006/06/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Azkeneko egunotan zenbait berri irakurri ditut hesteetan ditugun mikroorganismoen gainean, eta gai horri lerro batzuk eskaintzeko une ezin aproposagoa iruditu zait hau. Izan ere, kalte egiten ez diguten bitartean ez gara jabetzen hor daudela, nahiz eta gu baino askoz gehiago diren. Pentsa: gutako bakoitzak 100 eta 1.000 bilioi (hamabi zero, besterik ez) mikroorganismo dauzkagu hesteetan. Kalkuluen arabera, berriz, gorputzeko zelulen kopurua baino magnitude-ordena bat handiagoa da gutxienez gurekin bizi diren mikroorganismoen kopurua. Eta giza gorputzak 10.000 bilioi zelula inguru ditu.
Gutako bakoitzak 100 eta 1.000 bilioi mikroorganismo dauzkagu hesteetan

Dena dela, kopuruagatik baino gehiago, eskaintzen diguten laguntzagatik merezi dute arreta. Hesteetako mikroorganismoek funtsezko zereginak dituzte digestioan: haiek gabe konposatu asko ezingo genituzke desegin, ezta guretzat ezinbestekok diren konposatu asko sortu ere, bitaminak eta aminoazidoak, kasurako. Alegia, haiek gabe ezingo genuke bizi, ez legoke haiek gabeko gurik.

Horregatik, zientzialari batzuek batura horren emaitza gisa ikusi eta aztertzen dute gizakia. Esaterako, ikuspuntu horretatik aztertu dute gure hesteetako mikroorganismoen genoma (zati txiki bat oraingoz) Estatu Batuetako zenbait unibertsitate eta ikerketa-institututako ikertzaileek, eta giza mikrobiomaren lehen analisiaren berri eman dute duela egun gutxi. Emaitza zehatzei dagokienez, adierazi dute mikroorganismoen genomari esker konposatu ugariren metabolismoari dagokion informazio genetikoa aberastu dutela. Baina batasunaren ideia nabarmendu nahi izan dute beste guztiaren gainetik; hain zuzen ere, giza genoma giza geneen eta gorputzeko mikroorganismoen geneen amalgama dela, eta betaurreko horiekin aztertu eta ulertu beharko litzatekeela giza biologia.

Hain kontzeptualak ez diren beste zenbait ikerketa ere plazaratu dira egunotan. Bat, gainera, aurreko talde handi horretako partaide batzuek egin dute. Kasu honetan umeekin egin dute lan: urtebeteko jarraipena egin diete 14 ume jaioberriri, ikusteko nola aldatzen den hesteetako mikroorganismoen komunitatea eta jakiteko zer ondare uzten digun mikroorganismoekin dugun lehen harremanak. Izan ere, ikerketa gehienek adierazten dute jaiotzeko unean izaten dugula lehen harreman hori. Ez da oso irudi higienikoa beharbada, baina amaren baginatik eta gorotzetatik hartzen ditugu gero gure hesteetako flora osatuko duten mikroorganismoetako lehenak. Eta amaren esnea hartzean ere, azaleko mikroorganismoak irensten ditugu. Ikerketa honetan ikusi dute umeen eta amen laginen arteko harremana garbia dela, eta lehen harreman horrek nolabaiteko sinadura uzten duela gerora ere, hazi ahala umeen mikrobio-komunitateak helduok dugunaren antz gero eta handiagoa izan arren. Sinadura horren garrantzia handia edo txikia den ez dakigu, baina ikerketa hauek egiten dituztenek uste dute handia dela, nahiz eta onartu duten oraindik espekulazio hutsa dela emaitzetatik ondorio horiek ateratzea.

jaiotzeko unean hartzen ditugu gero gure hesteetako flora osatuko duten mikroorganismoetako lehenak. Amaren baginatik eta gorotzetatik.

Espekulazioek indar berezia hartu dute zesarea bidezko jaiotzen ikerketetan, jaiotza horietan umeak ez baitauka mikroorganismoak irensteko lehen aukera hori. Ondorioz, garrantzizkoa dirudien pauso bat huts egiten dute. Zenbateraino da garrantzitsua, ordea? Zeren, zesarea bidez jaiota ere, iturri askotatik jasotzen dituzte gerora mikroorganismoak. Galderari erantzuteko pista batzuk Alemanian saguekin egindako ikerketa batek eman ditu. Ikerketan, sagu jaioberriek amaren hesteetako mikroorganismoen aurrean duten erantzun immunitarioa aztertu dute, eta bi gauza ikusi dituzte: batetik, enbrioien zelulek kontra erreakzionatzen zutela, eta, aldiz, egun bateko saguen hesteetako zelulek entzungor egiten zietela; bestetik, bizitzako lehen bi orduetan erantzun immunitario baten seinaleak erakutsi zituztela modu naturalean jaiotako saguek, zesarea bidez jaiotakoek ez bezala. Hortik ondorioztatu dute jaiotzean irentsitako mikroorganismoek immunitate-sistemaren abiarazle gisa joka dezaketela.

Denborak eta ikerketa sakonagoek esango dute zer dagoen espekulazio hauetatik harantzago. Bitartean, segi dezatela lanean gure txikiek.

Berria egunkarian argitaratua.