Gripeak eta COVID-19ak metastasi-arriskua areagotu dezaketela iradoki dute

2025/08/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gripeak-eta-covid-19ak-metastasi-arriskua-areagotu
Arg. By libre - libre, CC BY-SA 4.0/Wikimedia.org

Coloradoko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek saguetan frogatu duenez, gripearen eta COVID-19aren birusek metastasia izateko arriskua areagotu dezakete, bularreko minbizia izan duten pertsonetan. Izan ere, bularreko minbiziaren heriotza-kausa ohikoena metastasia da; askotan, biriketakoa. Biriketara migratutako tumore-zelulak urte luzez egon daitezke lokartuta eta tumorerik sortu gabe. Bada, ikerketa horren arabera, birus horiek hanturazko erantzuna eragiten dute biriketan, eta, horren ondorioz, tumore-zelulak aktibatu egiten dira. Prozesu horretan parte hartzen duen funtsezko bidea ere identifikatu dute: 6-zitokina interleukina (IL-6).

Datu klinikoek saguekin egindako esperimentutan lortutako emaitzak berretsi dituzte. Hain zuzen, Erresuma Batuko Biobankuan (4.837 parte-hartzaile, zenbait minbizi-motarekin), ikusi dute, SARS-CoV-2 birusarekin infektatu ziren pertsonek ia bi aldiz arrisku handiagoa zutela minbiziagatik hiltzeko, infektatu gabekoek baino. Flatiron Health konpainiak, berriz, 36.000 emakume baino gehiagoren datuak ditu, eta, haietan ere, bularreko tumoredun pazienteen artean, COVID-19a izan zutenek joera handiagoa izan zuten birika-metastasia garatzeko (% 44).

Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian. Ohartarazi dutenez, emaitzak esanguratsuak dira. Hala, prebentzioan jarri dute azpimarra, eta minbizia gainditu duten pertsonek halako infekzioak saihesteko neurriak hartzea gomendatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia