}

Gripea eta beldurra eskutik hartuta berriz

2012/01/26 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Gripea eta beldurra banaezinak dira aspaldian, eta, tandemaren agerraldi akutu horietako baten erdian gaude oraintxe. Oraingoan, hegaztien H5N1 gripe-birusarekin egindako bi ikerketa dira protagonista, eta ikerketa horien emaitzen aurrean biosegurtasunaren izenean egin diren eskaerak.

Joan den irailean sortu ziren agerraldiaren lehen seinaleak, Maltan, Europako Gripearen Zientzia Lantaldeak (ESWI) antolatutako biltzar batean. Han, hegaztien H5N1 gripe-birusarekin lortutako emaitza batzuen berri eman zuen Rotterdamgo Erasmus ikerketa medikorako zentroko Ron Foulchier ikertzaileak: laborategian mutazio bidez sortu zuten birusaren aldaera bat gai zen birulentziarik galdu gabe hudoetan aerosol bidez kutsatzeko. Arnasbideetatik kutsatzen den giza gripearen azterketak egiteko eredurik onena dira hudoak, eta emaitza kezkagarria zen, aditzera ematen zuelako hegaztien H5N1 birusak aurreikusi baino aukera handiagoa izan dezakeela gizakien artean gripe-pandemia eragiteko. Ikerketaren egileek argudiatzen dutenez, lortutako emaitza bada H5N1 birusaren arrisku-maila gutxietsi ote den zalantza egiteko bezainbestekoa. Haien esanean, aditu batzuek adierazi dute arriskua txikia dela, datu historikoetatik ateratako ondorioetan oinarrituta; hauetan, hurrenez hurren: H1, H2 eta H3 azpitaldeetako birusak direla pandemiak eragiten dituztenak; giza eta animalia-birusen nahaste genetikoa beharrezkoa dela pandemia-eragileak sortzeko; eta txerriak ostalari bitartekari izatea ere beharrezkoa dela. Herbehereetan lortutako emaitzak kontrakoaren adierazle izan daitezke, ordea.

Horrez gain, arnasbideetatik kutsatzeko gaitasuna ez da izan birusaren birulentziaren kaltetan, eta hori ere kezken multzoan kokatu dute ikertzaileek; izan ere, orain arte ontzat-edo ematen zen ezen, egungo H5N1 infekzioen hilkortasun-maila gripe espainiarraren pandemiarena baino askoz ere handiagoa izan arren, aerosol bidez transmitituko litzatekeen aldaerak egungoak baino birulentzia txikiagoa izango lukeela seguruenik. Hudoekin egindako ikerketan emaitzek bestelakorik esan lezaketenez, ikerketa horiekin segitzeko beharra aldarrikatzen dute ikertzaileek, gripearen birusek gizakitik gizakira kutsatzeko gaitasuna nola hartzen duten jakiten lagun dezaketelakoan.

Erasmus ikerketa medikorako zentroan lortutako emaitzak zehatz-mehatz zein diren ez dakigu, ordea, ez baitira argitaratu oraindik. Egoera berean dago hasieran aipatutako bigarren ikerketa ere, eta uste da antzekoak izan litezkeen ondorioetara iritsi direla. Estatu Batuetan egindakoa da hori, Wisconsin-Madison Unibertsitatean, eta lehenengoari buruz baino askoz ere informazio gutxiago zabaldu dute, besteak beste, ikertzaile nagusiak ez duelako publikoki hitz egin nahi izan eztabaida lehertu zenetik.

Abenduaren 20an gertatu zen leherketa, Estatu Batuetako gobernuak eskatu zienean, egileei eta ikerketen emaitzak argitaratzekoak diren Science eta Nature aldizkariei, kentzeko artikulutik metodologiari buruzko xehetasunak, ez zabaltzeko emaitzak errepikatu ahal izateko adina informazio, segurtasunaren izenean, ez daitezen egon balizko bioterroristen eskura. Jakin behar zutenek modu konfidentzialean izango zuten xehetasunen berri, baina, gainerakoan, handiagoak ziren informazioa zabalduz hartutako arriskuak onurak baino.

Zentsuratzat, eta ikertzeko zein emaitzak konpartitzeko askatasunaren erasotzat hartu dute neurria batzuek —Foulchier-ek berak tartean—, eta, besteak beste, galdegiten dute ea nork erabakiko duen zein diren xehetasunak jakiteko beharra duten pertsona eta erakundeak, eta nola hartuko den erabakia. Eta ez dira galdera hutsalak. Izan ere, informazioa mugatzeko gomendioa Estatu Batuetako Biosegurtasunaren Aholku Batzordeak (NSABB) eman zuen, eta batzorde hori, hain zuzen, Estatu Batuetan izan ziren antrax-erasoen ondotik sortu zen, autorregulatzeko organo gisa.

Halaber, neurria desegokitzat hartu dutenek uste dute informazioa mugatzea halako ikerketek osasun publikoari ekar diezazkioten onurak arriskuan jartzea dela. Beste aldean, berriz, arriskutsuak izan daitezkeen birusak gaizkileen eskuetan ez erortzeko, edo istripuz laborategietatik ihes ez egiteko, neurriak lehenesten dituzte osasun publikoarentzako onuratzat.

Iritzi-trukeak eta ikertzaileek zein aldizkariek jasotako presioa ez da txikia izan, besteak beste, Estatu Batuetako gobernua bera baita ikerketen ordaintzailea. Oraingoz, ez dute behin betiko erabakirik hartu. Joan den urtarrilaren 20an, baina, gutun bateratu bat argitaratu zuten bi ikerketa-taldeek, esanez, 60 eguneko borondatezko luzamendua jarri dietela beren ikerketei: “Jakitun gara bai guk eta bai gainerako zientzia-komunitateak argitasunez azaldu behar dugula zein diren ikerketa garrantzitsu honen onurak, eta zein diren izan ditzakeen arriskuak minimizatzeko hartutako neurriak. (...) Ohartzen gara munduko erakunde eta gobernuek denbora behar dutela, lan honetatik sortzen diren aukera eta erronkentzat konponbide onena aurkitzeko”, diote. Bi hilabete ez dirudite aski halako korapiloa askatzeko, eta ikusteko dago zein izango diren gripe-beldur tandemaren agerraldi honen azken biktimak, baina jokoan dagoena ez da gutxi.

Informazio gehigarria:

Eztabaidari buruzko atal bereziak sortu dituzte Science eta Nature aldizkarien webguneetan

 

Berria egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia