}

Grafenozko elektrodo malguak eta gardenak

2009/01/16 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Koreako Sungkyunkwan Unibertsitateko ikertzaileek grafenozko elektrodo malguak eta gardenak garatu dituzte. Horretarako, grafeno-geruza fin bat txertatu dute bi polimeroren gainean, eta elektrodo-itxura eman diote. Polimero horiek gardenak dira. Bata, polietilentereftalatoa (PET), kurbatu egin daiteke, eta bestea, polidimetilsiloxanoa (PDMS), elastikoa da. Hortaz, sortzen den geruza eroale elektriko aproposa da.

Kalitateko grafenoa eskala handian ekoiztea ez da lan erraza. Koreako ikertzaileek erdieroaleen industrian ezaguna den teknika bat erabili dute, lurrun-deposizio kimikoa, hain zuzen ere. Teknika horretan, substratu bat hainbat konposatu kimikorekin nahasten da oso tenperatura altuetan. Konposatu kimiko horiek gainazaleko elementuekin erreakzionatzen dute, eta, hala, nahi den produktuaren geruza fin bat lortzen da. Kasu honetan, atomo gutxi batzuetako lodiera eta zenbait zentimetroko zabalera duten grafenozko geruza finak lortu dituzte.

Besteak beste, material aproposa da display eramangarrietan erabiltzeko. Esaterako, indio-titanio oxidoa ordezka dezake (indio-titanio oxidoa garestia da, eta ez da malgua). Halaber, grafenozko elektrodo horiek zelula fotovoltaikoetan erabiltzeko aukera aztertzen dihardu ikertzaile-taldeak.

Irudia: J. H. Kong

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia