}

Grabitatea ez da bat-batekoa

2003/01/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Erlatibitatearen teoriaren arabera, grabitatearen efektua 'mugitu' egiten da, espazioan argiaren abiaduran. Orain, fisikarien neurketek baieztatu egin dute hori.

Newtonek uste zuen grabitatea bat-batekoa dela, hau da, masa dagoen unetik grabitatea ere badagoela. Baina Einsteinek, erlatibitate orokorraren teoriaren bidez, grabitatearen 'izaera' azaldu zuen: teoria horren ondorioetako bat da grabitazio-eremua 'zabaldu' egiten dela.

Adibidez, argiak zortzi minutu behar ditu Eguzkiaren eta Lurraren arteko bidaia egiteko; beraz, oraintxe ikusten dugun Eguzki-argia duela zortzi minutu abiatu zen izar horretatik. Era berean, une honetan Lurrak jasaten duen grabitazio-indarra duela zortzi minutu sortu du Eguzkiaren eremuak. Horrek esan nahi du Eguzkia bat-batean desagertuko balitz, zortzi minutuz ez genukeela ezer nabarituko, ez argia itzali dela, ezta Lurrak orbitatik ihes egin duela ere.

Neurketa

Ondorio horretara iristeko, Estatu Batuetako astronomo batzuek Jupiter planeta erabili dute. Oso kondizio bereziak behar izan dituzte: 2002ko irailean, Lurretik ikusita, Jupiter quasar baten aurretik pasatu zen. Quasarrak irrati-uhinak igortzen dituzten galaxiak dira, eta, beraz, irrati-teleskopio batez quasarra zehazki non dagoen jakin daiteke.

Baina Jupiterren masa erraldoiak zuzenean Lurrera datozen uhinen ibilbidea okertu egiten du horietatik oso hurbil dagoenean. Zuzenean transmititzen ari diren uhin horiek bat-batean lerratzen dira Jupiter ondotik pasatzean. Lurretik ikusita, quasarra mugitu egin dela dirudi horrelakoetan.

Beraz, planetaren masa eta abiadura zehatza zein diren jakinda, grabitatearen efektua bat-batekoa den ala ez kalkula daiteke. Astronomoek ikusi dute grabitatea ez dela bat-batekoa, baizik eta argiaren abiaduran 'transmititzen' dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia