Grabitatea eta mekanika kuantikoa uztartu nahian
2007/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Grabitatea buruhauste handia da fisikarientzat. Edonorentzat begi-bistakoa den indar hori oso ondo azaldu zuen Einsteinek erlatibitatearen teoria orokorrean, baina ez dator bat mekanika kuantikoarekin. Hor dago koska.
Duela gutxi, 50 fisikari elkartu dira Arizonako Unibertsitatean, erlatibitatearen teoriak non huts egiten duen bilatu eta aurkitzeko. Horrekin, beharbada, lortuko dute zirrikitu bat, grabitatea eta mekanika kuantikoa batzen dituen teoria bat garatzeko.
Orain ere badaude hainbat teoria bateratzaile, soken teoria adibidez, baina halako teoriei indarra ematen dieten frogak behar dituzte. Alabaina, azkenaldian kosmologian egiten ari diren aurrerapenek argi berria emango dietela espero dute.
Esaterako, hondoko mikrouhin-erradiazioaren tenperatura-mapek agerian utzi dute bi indar kontrajarri daudela unibertsoaren egituran: batek materia elkartzera bultzatzen du, eta besteak unibertsoaren hedapena azeleratzen du. Beste hainbat ebidentziarekin batera, materia iluna eta energia iluna daudela ematen du aditzera horrek.
Grabitatearen teoria berri batek indar horiek aintzat hartu beharko lituzke, baina, adituen ustez, ez da oso erraza hori topatzea. Itxaropena dute, hala ere, etorkizunean egingo diren esperimentuetan detektatuko dutela akatsen bat erlatibitate teoria orokorrean, edo, bestela, ikusiko dutela materia ilunaren edo energia ilunaren ezaugarriren bat teorikoei arazoa konpontzeko bidea irekiko diena.
Esperimentu horietako batzuk zulo beltzen ingurukoak dira. Esperimentuen emaitza zein izango den jakin gabe ere, gauza bat argi omen dute fisikariek: lanean jarraituko dutela, grabitatea eta mekanika kuantikoa bateratu nahian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia