GPSa itzaliko balitz?
2019/11/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Zer gertatuko litzateke GPSaren sistema bertan behera geratuko balitz bat-batean? Galdera interesgarria, ezta? Ba, horixe izan da Tim Harford ekonomialari britainiarrak erantzun duen galdera BBCrako zutabe batean. Prest gaude GPSrik gabe bizitzeko? Zertan eragingo liguke?
Bada ondorio zuzen bat, argi dago. Gure bidaietako laguntza eten egingo litzateke eta mapak irakurtzen hasi beharko genuke berriro. Gustukoa izan ala ez, aldaketa handia da bidaiariarentzat. Hori esanda, Harfordek gogoratzen zuen zenbat arazo eman dituen GPSa gaizki erabiltzeak. Suediako turista batzuek gaizki idatzi zuten Capri izena GPSan, eta uharte ospetsurako bidea hartu beharrean Italiako iparraldera joan ziren, Carpi hirira, Modenatik gertu eta Capritik ia 700 kilometrora. Bide batez, Lourde izeneko herri ñimiño bat dago Frantziaren hegoaldean (s-rik gabe, Lourde). Noizean behin katolikoren bat edo beste iristen da Lourdes bisitatzeko asmoz, eta 70 kilometro egin behar ditu helmugara iristeko. Tira. Kasu asko dago. Rom herria Alemanian Hanburgotik gertu dago, Romatik iparraldera 1.600 kilometrora. Dena den, GPSaren garrantziaz ari ginen, eta beste kontu asko aipatu behar ditugu.
GPSa tokiaren adierazpen zehatza da. Baina baita denborarena ere. GPS sistemaren sateliteek erloju atomiko bana eramaten dute ezinbestekoa delako ordu zehatza ere ezagutzea. Tim Harfordek dio denbora gaizki neurtuz gero, segundo baten milaren bat gaizki neurtuz gero, sateliteak 200 kilometroko errorearekin emango dizu kokapena. Sateliteak, besteak beste, zuzenketa erlatibista egiten baitu etengabe oso azkar mugitzen delako.
Eta bidaiatzen ez badugu, zer? Eragiten digu? Bada, bai. Eta asko. Egunerokoan, askotan koordinatu behar ditugu elkarrengandik urruti dauden bi elementu une berean, eta hori GPSak egiten du. Espazioa eta denbora koordinatzen ditu. Bankuko transferentzia bat, telefonotik telefonorako datuen trukaketa bat (edozein komunikazio edo mezu, alegia), sare elektrikoaren funtzionamendua… noski, telebista digitalaren seinalea, gaur egun hainbeste erabiltzen den laino informatikoa… zer esanik ez burtsaren merkatua eta abar. Eta, Harfordek aipatzen dituenen artean, beste bat, adibide moduan: portu handietan edukiontziak itsasontzietan sartzen dituzten garabiek GPSa erabiltzen dute edukiontzi bakoitza identifikatzeko. Adibide moduan.
Argi dago GPSaren mendekotasuna dugula. Oso handia gainera. Sekulako tresna da, eta GPSrik gabe ezingo genuke gauza asko egin. Baina mendekotasuna ere izugarria da. Izugarria, bai. Pixka bat hausnartuz gero, izutzeko modukoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia