Gosetutako elur-ontzak etxera bueltan
2002/09/20 Elhuyar Zientzia
![](images/E020920.jpg)
Urte-hasieran arrantzale batzuek erdi-hilik jasotako zazpi elur-ontzak Artikora bidean daude jada.
Ontzak erdi-hilik heldu ziren arrantzaleen itsasontzietara, eta arrantzaleei esker iraun zuten bizirik. Lurreratu ahala, animaliak sendatzeko zentro batera eraman zituzten, eta orain jaioterrira bueltatzeko prest daude.
Elur-ontza (Nyctea scandiaca) Artiko inguruko lurraldeetan bizi den ontza da. Bizimodu nomada dauka eta bere elikagai nagusiaren, leming-en, atzetik igarotzen du urtearen zatirik handiena. Leming-en populazioaren gorabeherek eragin handia dute ontzengan, eta
leming-eskasia dagoenean hegoalderantz joaten dira elikagai gehiagoren bila.
Elikagaia bilatzeko leku berrien bila zebiltzala galduko zirela uste dute adituek, eta haize-korronte bortitzen batek itsasora bidaliko zituela. Orain, Artiko aldera bueltatzeko prest badaude ere, adituen ustez ez dute bakarrik bizirik irauteko gaitasunik, eta natur erreserbetan kaiola handi batzuetan jarriko dituzte.
![](https://elia.eus/static/elhuyar/img/elia_RGB.png)
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia