}

Gorputzaren neurriak, kiroletan gakoa

2010/07/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Azken ehun urtetan, etengabe eta mailaz maila joan dira hobetzen abiadura-lasterketen eta igeriketako proben markak. Materialetan izan diren aurrerapenek eta kirolarien prestakuntza fisikoak zein nutrizioak horretan eragin handia izan badute ere, zientzialariek frogatu dute kirolarien gorpuzkerak izan duen bilakaera funtsezkoa izan dela marka gero eta hobeak lortzeko.

Alde batetik, 1900. urtetik orain arteko Joku Olinpikoetako igerilari eta korrikalari azkarrenak aztertu zituzten iaz Estatu Batuetako ingeniari batzuek, eta konturatu ziren errekor-egileak gero eta luzeagoak direla. Gainera, populazio normala baino askoz ere azkarrago hazi dira. Hain zuzen, 1900etik, populazioa batez beste 4,8 cm luzatu da; igerilari azkarrenak, berriz, 11,43 cm hazi dira, eta korrikalari bizienak, 16,25.

Larruazalaren koloreak ez, baizik eta gorputz-atalen arteko proportzioak eragiten du beltzak azkarrak izatea lasterka, eta zuriak, igerian.
(Argazkia: Richard Giles)

Ingeniarien esanean, bilakaera hori bat dator Duke Unibertsitatean garatutako teoria konstruktalarekin . Teoria hori baliagarria da naturako fenomeno batzuk azaltzeko, hala nola ibai-arroen sorrera. Bada, egindako denborak eta errekor-egileen pisua eta garaiera erlazionatuta, baieztatu zuten teoria horren araberakoa dela erlazioa.

Gainera, teorian oinarrituta, etorkizunean ere abiadura-errekorrak atleta gero eta handiagoen eskuetan egongo direla iragarri zuten ingeniariek. Horregatik, kirolari txikiek ere podiumera igotzeko aukera izan dezaten, lasterketetan eta igeriketan pisuaren araberako kategoriak sortzea proposatu dute, judoan eta beste zenbait kiroletan bezala.

Bestalde, berriki argitaratutako ikerketa batean, errekor-egileen arrazari eta gorpuzkerari erreparatu diote ikertzaileek. Izan ere, nabarmena da korrikalari azkarrenak beltzak izaten direla —duela gutxi lortu du zuri batek 100 metro 10 segundo baino gutxiagoan egitea , eta 9,98 izan zen haren marka. Usain Boltek 9,58an du errekorra—. Aldiz, igerilari arinenak zuriak dira.

Kolorea ez, gorpuzkera da gakoa

Ikertzaileek, ordea, larruazalaren kolorea alde batera utzi eta gorpuzkerak aztertu dituzte. Hala, ikusi dute ehun metroko probako korrikalari onenak, jamaikarrak, afrikarrak zein kanadarrak izan, jatorriz Afrikako mendebaldekoak direla oro har. Eta inguru hartako pertsonek joera dute gorputz-adar luzeak eta enborraren zirkunferentzia txikia izateko. Horrenbestez, hankak motzagoak eta enbor zabalagoa dutenek baino gorago dute grabitate-zentroa; hau da, zuriek eta asiarrek baino gorago.

Neurketen arabera, % 3 gorago dute beltzek grabitate-zentroa, eta horrek eragiten du besteak baino % 1,5 azkarragoak izatea korrika egiten. Izan ere, lokomozioan, gorputzaren masa aurrerantz erortzen da, eta gero igo egiten da; goitik erortzen den masa, azkarrago erortzen da. Horregatik, lasterka azkar egiteko, onuragarria da grabitate-zentroa goian izatea.

Aldiz, grabitate-zentroa behean izateak abantaila ematen die zuriei, igeri egitean; hain juxtu, beltzak korrika egiten bezain azkarrak dira zuriak igeri egiten: % 1,5. Asiarrek, berez, europarrek baino are beherago dute grabitate-zentroa, baina gorputz-adar motzagoak dituztenez, ez dira europarrak baino azkarragoak.

Horrenbestez, larruazalaren koloreak ez, baizik eta gorputz-atalen arteko proportzioak eragiten du batzuk azkarrak izatea lasterka, eta besteak, igerian. Horrek erabat baztertzen ditu arrazakeria-kutsua duten zenbait hipotesi. Edonola ere, ikertzaileek ohartarazi dute faktore biologikoez gain kulturalek ere badutela zeresana bereizketa horretan; adibidez, igerilekuetara joateko erraztasunak, edo maila sozio-ekonomikoak.

Lehenengo ikerketa iaz argitaratu zuten Journal of Experimental Biology aldizkarian, eta bigarrena, berriz, duela gutxi atera da International Journal of Design and Nature and Ecodynamics izenekoan.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia