Gorputz ederren bila
2010/08/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Australiako UNSW unibertsitateko ikertzaileek ez dute uste komunikabideetan azaltzen diren eta gizartean goraipatzen diren ereduak direnik, berez, jendearentzat erakargarrienak. Hortaz, jendearen iritziz gorputz ederrena nolakoa den jakiteko, Internet bidezko ikerketa bat jarri dute abian.
Bodylab izena du proiektuak, eta martxoan hasi zen. Proiektu irekia da, anonimoa, eta edozeinek har dezake parte. Bost-hamar minutu baino ez ditu eskatzen, eta, denbora horretan, parte-hartzaileak pantailan azaltzen diren ereduei balio bat eman behar die, -3 eta +3 artekoa, batere erakargarri -tik hasi eta oso erakargarri -raino.
Ereduak ordenagailuz egindakoak dira, eta gorputz baten irudia erakusten dute, aurretik eta albotik. Atzean, erreferentzia gisa, Volswagenen Beetle autoaren irudia azaltzen da; ikono oso ezaguna denez, lagungarria da neurriak eta proportzioak hobeto ikusteko.
Ereduak aukeratzen hasi aurretik, baina, parte-hartzaileak datu batzuk eman behar ditu: gizonezkoen edo emakumezkoen gorputzak baloratu nahi dituen, norberaren adina, generoa eta sexu-joera (heterosexuala, homosexuala, asexuala, bisexuala eta besteren bat daude aukeran, ordena horretan), nazionalitatea (euskalduna ez dago aukeren artean) eta ikasketa-maila.
Gero, bai, ereduak azaltzen zaizkio, eta, egia esan, elkarren nahiko antzekoak dira asko. Horregatik gomendatzen dute lehenengo iritziaren arabera emateko balio bat, eta ez alderatzeko aurretik azaldutako ereduekin. Gainera, ikerketak aurrera egin ahala, gorputz-ereduak gero eta antzekoagoak dira, hilero berritu egiten dituztelako, eta aurreko hileko eredu erakargarrienak dira hurrengo belaunaldiaren "gurasoak". Alegia, ereduek eboluzionatu egiten dute.
Hain zuzen ere, helburu nagusia gizonezkoaren eta emakumezkoaren gorputz-proportzio erakargarrienak zein diren jakitea bada ere, bigarren helburu bat ere badu ikerketak: hautespen naturalaren indarra eta biologia eboluzionistaren garrantzia erakustea publiko orokorrari.
Dagoeneko 40.000 pertsonak parte hartu dute, gehienak australiarrak, eta haiek aukeratutako ereduen seme-alabak daude orain aukeran. Zehazki, emakumezkoen laugarren belaunaldia eta gizonezkoen bigarrena daude orain martxan, proiektua emakumezkoen gorputzekin abiatu baitzuten, eta gero hasi baitziren gizonezkoenekin.
Sei belaunalditara edo gehiagotara iristea da ikertzaileen asmoa, ahalik eta gehien zehazteko zein proportzio dituen gorputz erakargarrienak, emakumezkoenak zein gizonezkoenak. Hala ere, etor daitezkeen eredu berrietara irekita daudela adierazi dute ikertzaileek.
Gorputza beharrean, aurpegia
Bodylab-ez gain, Interneten badira erakargarritasuna neurtzeko helburua duten beste ikerketa batzuk. Adibidez, Eskoziako Aberdeen Unibertsitatean Face Research dute martxan. Psikologo esperimentalek zuzentzen dute, eta haien asmoa ez da bakarrik erakargarritasuna baloratzea; besteen aurpegiek eta ahotsek nola eragiten diguten ere ezagutu nahi dute.
Face Researchek benetako argazkiak erabiltzen ditu, eta nork bere buruaren argazki bat sar dezake, besteek iritzia eman dezaten. Hori bai, aurpegia itxuraldatu egiten dute programa informatiko baten bidez, eta berdin egiten dute ahotsarekin. Alderdi batzuei buruzko zenbait ondorio argitaratu dituzte dagoeneko (simetria edo erakargarritasuna, emozioen alderaketa, gizontasuna, tristuraren pertzepzioa...), eta beste hainbat alderdi aztertzen jarraitzeko asmoa dute. Parte hartu nahi baduzu, hemen duzu aukera.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia