Gora eta gora biraka
2002/05/09 Elhuyar Zientzia
Landare igokariek zuhaitzetan, harkaitzetan eta hormetan gora egiteko gaitasuna dute, eta horretarako biratu edo kiribildu egiten dira. Horietako adibide bat argazkian agertzen den atxaparra edo
ahuntz-praka da. Jakina da landare horien zelula-paretetako zuntzak era berezian antolatzen direla, eta horri esker egiten dutela gorantz. Baina, zer dela eta antolatzen dira horrela zelulak?
Nature aldizkariaren arabera, gakoa geneen mutazio batean dagoela uste dute Japoniako Zientzia eta Teknologiarako Nara Institutuko ikertzaileek. Ondorio horretara iritsi dira Arabidopsis espezieko landare berezi batzuk aztertu ondoren. Normalean, Arabidopsis landareak zuzen joaten dira eguzkirantz, baina alfa-tubulina proteina akasduna dutenek ezkerraldera biratzen dute. Izan ere, proteina horiek mikrotubuluak osatzeko elkartzen dira, eta beraiek agintzen dute zelula-paretaren eraikuntza zuzena. Akasdunen mikrotubuluak, ordea, eskuinaldera makurtzen dira; beraz, zelula-paretak oker hazten dira eta landarea ezkerraldera kiribiltzen da. Ikertzaileek akats hori gene batzuen mutazioaren ondorioa dela ikusi dute, eta landareen asimetriaren argibidea izan daitekeela uste dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia