Google: lagun zintzoa, gaiztotzen
2013/05/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Googlek oso produktu onak egin izan ditu beti. Haren lehen produktua (eta oraindik ere haren aktibo nagusia dena), bilatzailea, iraultzailea izan zen bere garaian; ordura arte zeudenen aldean, webaren zati askoz handiago bat indexatzen zuen, askoz azkarragoa zen eta, Page Rank algoritmoaren bidez, emaitza askoz hobeak itzultzen zituen. GMail posta elektronikoak ere erraz gainditu zituen antzeko beste zerbitzuak, bai ezaugarritan, bai edukieran. Eta ateratzen joan den beste zerbitzu ugarirekin ere, antzera: Maps, Translate, Docs, Reader, Analytics... Horregatik guztiagatik, enpresa mirestua izan da teknozaleen artean; baina ez da hori izan arrazoi bakarra.
Ezaguna da Google-n “don’t be evil” eslogan informala, “ez gaiztoa izan” esan nahi duena. Esaldi horren bidez adierazten zuen bere intentzioa gutxieneko printzipio etiko batzuk betetzeko eta erabiltzailea edozeren aurretik jartzeko. Jakina, Google enpresa bat da, eta dirua irabazteko asmoa ere badu (eta baita lortu ere, alajaina!), baina filosofia baten barruan. Eta filosofia horrek eragin handia izan du jende baten artean erdietsi duen miresmena eta fideltasuna lortzeko orduan.
Enpresa ezberdin eta jatorra...
Software librearen aldeko jende asko oso Googlezalea izan da beti, Google bera software librearen erabiltzaile handia izan delako. Google barruan asko erabiltzen dituzte, esaterako, Linux sistema eragilea eta Python programazio-lengoaia, biak libreak. Googleren mugikorretarako Android sistema eragilea ere Linuxen oinarrituta dago. Eta software librearen garapenean asko lagundu izan du: haren plantillako jendeak software libreari ekarpenak egin izan dizkio, Summer of Code bekak ematen ditu software librea garatzeko...
Halaber, protokolo eta estandar irekiak erabili eta bultzatu izan ditu betidanik. Adibidez, Google Talk txateko bere zerbitzuan ez du erabiltzen bere protokolo propietario bat, lehiakideek bezala (Facebook, Messenger, Skype...); XMPP estandar irekia erabiltzen du, eta, hala, protokolo hori erabiltzen duten programa, zerbitzu eta erabiltzaileekin komunika daiteke, ez soilik Google Talk erabiltzaileekin. Eta Google Wave ere sortu zuen, posta elektronikoaren eboluzioa izango zena, posta elektronikoa, wikiak eta mezularitza konbinatuz; protokolo ireki gisa argitaratu zuen, eta hura erabiltzeko softwarea libre egin(2009ko urrian egin genizuen berba honi buruz).
Tradizionalki, erabiltzaileen pribatutasunaren babeslea ere izan da. Gutaz dakien guztia dela-eta (gure e-mailak, bilaketak, kontaktuak, agenda, ikusten ditugun bideoak...) jende askok errezeloz begiratzen badu ere, orain artean ez du kezkatzeko arrazoirik eman: poliziak, federalek edo gobernuak erabiltzaileen datuak eskatzen dizkiotenean ukatu egiten dizkie, beste batzuek ez bezala; soilik epaileek eskatuta ematen dituzte, halabeharrez.
Eta antzeko gauzak egiten dituzten enpresen aurrean, askatasunen defendatzaile gisa ere agertzen da. Apple-k, adibidez, erabat kontrolatu eta mugatzen du iPhone eta iPad-etan instala daitekeen softwarea; Android sistema eragilea duten telefonoetan, aldiz, edozein aplikazio legezko onartzen dute.
Azkenik, Googleren lan-baldintzek ere enpresa cool-aren irudia ematen diote. Bertako langileek ostiraletan beren ekimeneko proiektuetan lan egiten dute, hango jantokietan doan jaten da, zerbitzu- eta aisia-aukera asko daude langileentzat egoitzan bertan... Informatikari askoren ametsa da bertan lan egitea!
… oraindik ere bai?
Azken aldian, baina, Googleren irudi hori aldatzen ari da jende askoren begietan. Izan ere, jarreran aldaketa nabaria izan duela uste du jende anitzek, eta, edozein enpresak bezala, dirua irabaztea eta bere burua edozeren aurretik jartzen hasi dela, printzipioak ahaztuta.
Kexa ugari jaso ditu Googlek lehen doan eskaintzen zituen hainbat zerbitzu kobratzen hasi delako: Google Maps eta Google Translate zerbitzuen APIak, enpresentzako Google Apps suite-a... Hala ere, nire ustez, hori zilegi da; azken finean, Google enpresa bat da, eta dirua irabazi beharra du. Ulergarria ez dena zerbitzuak besterik gabe ixtea da, errentagarritasun edo erabilera falta argudiatuz, ordainpeko zerbitzuak izatera pasatuta jarraitzeko aukerarik eman gabe. Eta, neurri batean, aldarrikatzen duen filosofiagatik, errentagarriak ez diren zerbitzu batzuk mantendu beharko lituzke...
Itxitako zerbitzu horietako bat Google Wave izan zen. Hain iraultzailetzat aurkeztu zuten teknologia bat-batean itxi zuten urtebete eskasera, adopzio urriaren aitzakian. Egia da ez zuela espero zen adinako zabalkunderik izan, baina zergatik gertatu zen hori, hain potentzial handiko tresna izanik? Google-k berak utzi zuen Wave poliki-poliki hiltzen. Norbaitekin komunikazioan jarri nahi zenuenean, ez zen erosoa Wave-ra joatea ikusteko ea hartzaileak hor konturik bazuen eta, hala ez bazen, postaz bidaltzea; modu berean, komunikaziorako edozein tresnatan bezala, noizean behin begiratu behar zenuen ea zerbait iritsi zitzaizun, eta bi tokietan (postan eta Wave-n) begiratzea ez zen praktikoa. Eta gertatzen zen norbaiti wave bat bidali eta ondoren e-mailez abisatu behar izatea wave bat bidali zeniola, ez zuelako erantzuten... Google Wave hedatuko zatekeen Google-k Wave GMail-en interfazean integratu izan balu: GMail-eko interfazean norbaiti idaztean hartzaileak Wave kontua duela ikusita, Wave bidez komunikatzeko aukera eman zezakeen; era berean, jasotzen genituen Wave berriak Gmail-en erakuts zitzaketen. Jokaldi logikoa zen benetan Wave bultzatu nahi bazen, baina ez zuen egin. Protokolo irekiekiko jarrera-aldaketaren lehen zantzua izan zen. Google Buzz eta Google+ bere produktu sozial itxiak, aldiz, bai integratu zituen GMail-ekin…
Google Reader ere itxiko duela iragarri dute. Inoiz ez da izan publiko zabalarentzako produktu bat, eta ziurrenik ez zion dirurik ematen, baina erabiltzaile sorta ez baztergarria eta fidela du, eta zerbitzu mota hori beharrezkoa da gutako askorentzat, iaz kontatu genizuenez. Zorionez, badira alternatibak, baina albisteak haserrea piztu zuen.
Protokolo irekien eta sistema ezberdinen interkonexioaren arloan ere atzera egin du. Google Talk-ek, adibidez, kanpoko beste XMPP erabiltzaileen konexio-eskaerak onartzea galarazi zuen, nahiz eta jasotako kexengatik gero atzera egin zuen. Software libreari dagokionez, Google-k ez du Android-en azken bertsioen kodea libre egin.
Pribatutasunean ere atzerapausoa eman zuen Google-k bere zerbitzu guztietako erabiltzaileen informazioa bateratzean: orain, adibidez, Youtuben anuntzioak erakuts ditzake zure GMail-eko informazioa baliatuz. Ez da gure datuak beste bati ematea bezain larria, baina pribatutasunaren nolabaiteko haustea badago, jende askorentzat zilegi ez dena. Eta diru-irabaziak ere askatasunaren aurretik jarri ditu: mugikor eta tabletetarako aplikazioen Google Play bere dendatik ezabatu ditu nabigatzailean iragarkiak blokeatzen dituzten AdBlock moduko programak.
Aipatutako xehetasun horietako bakoitza anekdotikoa izan liteke Google-ren ibilbide osoarekin konparatzen bada, baina guztiak batera hain denbora gutxian gertatzea joera baten adierazle dira. Agian ez da oraingoz deabrutzat hartzeko adinakoa, akaso oraindik ere jokabide askoz hobea izango du Internet munduko beste enpresa handiek baino... Baina Google jada ez da aingerutxo bat, eta bere betiko jarraitzaile tradizionalen zati handi baten baldintzarik gabeko sostengua galdu du, zalantzarik gabe.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia