}

Goiztiarrak eta gautxoriak, ezberdin eginak

2009/11/15 Korta Hernandez, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Pertsona batzuk goiz jaikitzen dira; beste batzuk ahal duten beranduena. Batzuk goizez aktibatzen dira, eta besteak ezin dira gelditu gauetan. Ez da ohitura-kontua soilik. Ikerketa batek argitu duenez, garunean dago gautxorien eta goiztiarren arteko diferentzia.
Goiztiarren garun-jarduerak goizean hartzen du mailarik altuena, eta jaitsiz joaten da egunean zehar (Argazkia: Photoxpress_dpaint ) .

Kanadako Albertako Unibertsitateko zientzialariek pertsona goiztiarrak eta gautxoriak aztertzeko esperimentu bat egin zuten. Galdeketa bat egin ondoren, neurozientzialariek 18 parte-hartzaile aukeratu zituzten. Bederatzi goiztiar eta bederatzi gautxori. Goiztiarrek beren eguna goizeko bostetan hasten zuten, eta gautxoriak esna egoten ziren goizeko hirurak arte.

Esperimentuetan, bi alderdi hartu zituzten kontuan: alde batetik, garun-jarduera, eta, bestetik, parte-hartzaileek muskuluen uzkurtze maximoetan zenbateko indarra egin zezaketen. Ikertzaileek, korrontea erabiliz, parte-hartzaileen garun-azala eta bizkarrezur-muina estimulatu zituzten, biak gorputzaren mugimenduaren kontrolean zerikusia dutenak, eta muskuluen erantzunari erreparatu zioten.

Gautxorietan, bizkarrezur-muinak eta garun-jarduerak gauean lortzen dute maila gorena. Horregatik, gauez errendimendu maximoa lortzen dute (Argazkia: Zoulhou ) .

Ezberdintasunak garun-jardueran

Neurketak eguneko ordu ezberdinetan egin zituzten, goizeko bederatzietan, eguerdiko ordu batean, arratsaldeko bostetan eta gaueko bederatzietan, eta ikusi zuten goiztiarrek eta gautxoriek erantzun ezberdinak izan zituztela garun-jardueran, orduaren arabera. Bizkarrezur-muinean egindako estimuluak handituz joan ziren egunean zehar, baina, goiztiarretan, garuneko zelulak goizean pizten ziren, eta, gautxorietan, gauean.

Beraz, pertsona goiztiarren garun-jarduerak goizean hartzen zuen bere mailarik altuena, eta jaisten joaten zen egunean zehar. Gautxoriekin, ordea, alderantziz gertatzen zen: egunak aurrera egin ahala, indartuz joaten ziren, eta jarduera-mailarik altuena gaueko bederatzietan izaten zuten.

Beste zerbaitekin ere ohartu ziren: bizkarrezur-muinaren kitzikakortasuna handitu egiten zen egunean zehar bi taldeetan. Hortik ondorioztatu zuten pertsona goiztiarren garun-jarduera maximoa goizean izaten zenez, eta bizkarrezur-muinaren kitzikakortasun maximoa gauean lortzen zutenez, pertsona horiek ez zutela inoiz lortzen beren eraginkortasun maximoa, garun-jarduera ez doalako bat bizkarrezur-muinarekin. Gautxorietan, ordea, bizkarrezur-muinak eta garun-jarduerak gauean lortzen dute maila gorena, batera doaz. Horregatik, gauez errendimendu maximoa lortzen dute.

Gautxoriak indartuz joaten dira egunak aurrera egin ahala (Argazkia: Michael Lorenzo ) .

Muskulu-indar maximoa neurtu zuen probari dagokionez ere, gauzaleek goiztiarrek baino emaitza hobeak lortu zituzten. Izan ere, gautxoriak, egunak aurrera egin ahala, indartuz joan ziren fisikoki. Goiztiarrek, berriz, indar bera zuten egunean zehar egindako muskulu-uzkurtze maximoetan.

Orain arte inork ez zuen frogatu goiztiarren garunek eta gauzaleenek ezberdin funtzionatzen zutenik. Eta oraindik ez dakite “kronotipo” bat edo beste izatea, hau da, gautxoria edo pertsona goiztiarra izatea, genetikoa den ala ohituretatik datorren. Baina ikerketaren emaitzei erabilera bat aurkitu diete. Zientzialarien ustez, ezberdintasun horien berri izateak aukera emango luke jarduerak hobeto antolatzeko, pertsona bakoitzaren jarduera maximoko uneari probetxu ateratzeko.

Hemendik aurrera ezingo zaio eskatu goiztiar bati gauean erne egotea, edo gautxori bati goizean denak emanda lan egitea. Euren garunek horrela funtzionatzen dute.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia