Goi Paleolitoan Bizkaiko Golkoan balea-hezurrez egindako tresnak eta haien testuingurua aztertu dituzte
2025/05/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bizkaiko Golkoko aztarnategietan azken hamar urteotan, balea–hezurrez egindako hainbat tresna aurkitu dituzte. Madeleine aldikoak dira (20.000-14.000 urte), eta, ikertzaileen arabera, inon aurkitu diren zaharrenak dira. Hain zuzen, gizakientzat baliabide preziatua izan dira baleak, bai jateko, bai bestelako gaiak lortzeko (olioa, hezurrak…). Duela gutxira arte, ordea, ez zuten aurkitu erabilera horien ebidentziarik. Orain egin duten ikerketan, Bizkaiko Golkoko balea-hezurrez egindako tresnak bilatu, bildu eta analizatu dituzte, eta, horren bidez, informazio baliotsua lortu dute duela 20.000-14.000 urteetako giza taldeen portaeraz eta baleen ekologiaz.
CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Guneko ikertzaileek zuzendu dute ikerketa, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Jesus Tapia Sagarnak eta Eduardo Berganza Gochik ere parte hartu dute. Hain zuzen, Tapiak azaldu du lanean aritu diren aztarnategietan lortutako piezak eskaini dituztela, laborategian aztertzeko; bai landutako tresnenak, bai hezur-zatienak. Aztarnategi aberatsena Santa Katalina izan da (Lekeitio). Nature Communications aldizkarian argitaratu dituzte emaitza guztiak.

Besteak beste, hezurren azterketa taxonomikoa egin dute ZooMS masa-espektrometroa erabiliz. Hala, jakin dute gutxienez balea handien bost espezieren hezurrak baliatu zituztela. Horrez gain, erradiokarbonoaren probaren bidez, 20.000-14.000 urteen bitarteko kronologia osatu dute, eta ikusi dute dibertsitate eta aldaera handienak 15.000-16.000 urteetan izan zirela. Azkenik, karbono- eta nitrogeno-isotopoen analisiak baleen elikadurari buruzko informazioa eman du, eta gaur egungoarekin alderatzeko aukera ere izan dute. Esaterako, balea grisaren hezurrak aurkitu dituzte, eta, gaur egun, espezie hori Ipar Ozeano Barean eta Artikoan bizi da; eta baleek jaten zituzten espezieak ere aldatu dira, uraren tenperatura, gazitasuna eta bestelako ingurumen-ezaugarriak aldatzearekin batera.
Tapiak nabarmendu duenez, ikerketa hau oso baliotsua da, orain dela gutxira arte ez baitzekiten ezta balea-hezurrak baliatzen zituztela tresnak egiteko ere. “Aztarnategietan hezurrez egindako tresnak aurkitzen genituenean, itxuragatik identifikatzen genituen. Adibidez, oreinen eta elur-oreinen adarrek bi zati dituzte: bat porotsuagoa, eta bestea trinkoagoa. Tresnak egiteko zati trinkoa erabiltzen zuten. Baina aurkitzen genituen zati batzuk, beren diametro, luzera eta itxuragatik, beste zerbaitenak izan behar zutenak. Gerora jakin dugu balea-hezurrak zirela”.
Hori jakin zutenetik, bila aritu dira, eta horrela bildu dituzte ikerketan aztertu dituzten tresnak eta hezurrak. Aipatu duenez, Santa Katalinakoa da bilduma ugariena. “Aztarnategi hori Berganzak induskatu zuen, 1980-1990ko hamarkadetan”, gogoratu du Tapiak. Hala ere, piezak hainbat aztarnategitan daude banatuta. “Ez dugu aurkitu tailerrik, edo hezurrak txikitu eta batetik bestera eramateko moduan prestatzen zituzten lekurik. Horrelako aztarnategiak itsasotik gertu egongo ziren, eta desagertuta egongo dira. Baina ehiztari-biltzaileak ziren, eta, talde txikietan biltzen baziren ere, bazuten harremana elkarren artean. Hortaz, tresnak ikusita, tresna-mota bera azaltzen bada bi lekutan, esan dezakegu kultura berekoak zirela edo kultura konpartitzen zutela”.
Horrenbestez, frogatu dute, Asturiasen mendebaldetik Akitaniara arte, Goi Paleolitoan balea-hezurrak lehengai gisa erabili zituztela, milaka urteren tartean.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia