Goi-mendiko larreetan, mendi-txirta
1995/09/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte ezagutu ditudan ornitologia eta hegaztiei zaletutako guztiek badute “txori arreena” dei geniezaiokeen nolabaiteko arazotxoa. Pertsona hauek, artikuluaren idazlea barne, harrapari edota kolore deigarriko hegazti gehienak distantzia luzeetara ezagutu ditzaketen arren, zailtasun askotxo dituzte paseriforme arreak sailkatzeko.
Arazo horren arrazoia noski, ulerterraza da. Espezie ezberdinetakoak diren arren, kolore eta tamainaz antzekoak diren zenbait txori daude. Besteak beste, txoriandereak, kutturlioak, pirripioa, hegazabala, tuntunak, txolarreak eta txirtak sar litezke “txori arreen” arazoa sor dezaketen hegaztien taldean. Ondorioz, eta beste edozein animalia-espezie identifikatu nahi dugunean baino gehiago, beste ezaugarri batzuetan erreparatu beharko da hegazti hauek sailkatu ahal izateko. Hala nola, portaera, kantua, habitat-a, urte sasoia, eta abar.
Lehen begiradan mendi-txirta lumaje deigarririk ageri ez duen txori arrea dugu. Itxura lirainekoa da eta isatsa luze samarra du. Espezie honen barruan bi subespezie bereizten dira: kostakoa ( Anthus spinoletta petrosus ) eta mendikoa ( Anthus spinoletta spinoletta ). Euskal Herrian bigarrena soilik ageri da. Beraz, hementxe doa espezie hau ezagutzeko lehen abiapuntua: hau ez dela nonahi agertzen den animalia horietakoa.
Izenak adierazten duen bezala, mendi-txirta mendian bizi da, goiko larre garbietan. Belar motza eta zuhaitzik gabeko bizilekuak ditu gustukoen eta mendi harritsu eta otadietan ere topa dezakegu. Udaberria eta udazkena bitartean leku hauetan ikus badaiteke ere, negu aldera, goitik behera jaisten da toki epeltxeagoen bila eta hezeguneen inguruan eta kostaldean agertzen da. Ez du beraz migratzeko joera handirik, baina aditu batzuek migratzaile partzialtzat hartzen dute.
Iadanik aipatu denez, paseriforme honek ez du kolore deigarririk. Deigarritzat har daitekeen kolore bakarra isatsaren bi aldeetako lumek dutena izan daiteke, hauek zuriak baitira. Gainerakoan, eta bai arrengan zein emeengan, mimetizatzeko bikainak diren kolore arre eta grisak dira nagusi. Bekaina zuriska da, sabela eta azpialdeak bezala. Bizkarra, berriz, arre argi eta gris bitartekoa. Bularraldea zuriska eta kumatze-garaian arrosa-arreska izaten da. Negu aldean ordea, bularrean arrasto arreak izaten ditu.
Agian emandako datu hauek ez dira aski beste txirta espezieetatik bereizteko baina mendi-txirta beste generokideak baina handixeagoa da, 16-17 cm-koa eta 21-30 gramoko pisua hartzen du. Mokoa ere, luzexeagoa du eta iluna. Bereizgarririk garbiena izan daitekeena hanken kolorea da, beste txirtetan argia den bitartean, espezie honetan iluna izaten baita. Guk izuturik ihesi doan 16 cm-ko txori bati hanken kolorea ikustea ia ezinezkoa dela eta horrekin ezin dela bereiztu pentsatzen ari zaren horri, arrazoi guztia eman behar dizugu. Dena den, hurrengo ezaugarriak gehituta errazago ezagutuko dugu txori hau.
Mendi-txirtaren ohiko kantuak (“tsiip” antzeko deia izaten da) ez du beste txirtenak adinako doinurik. Motazilido honen eztei-kantua, berriz, beste hegazti batzuetan bezala, entzuteko politaz gain ikusgarria da. Lurretik gorantz hegan egin eta goitik behera hegalei emanez kantari jaisten da lurrera. Hegaldi xelebre honen bukaera lurrean edo gorune txiki batean gertatzen da. Eta horrek, hain zuzen ere uda-txirtatik ( Anthus trivialis etik) bereizten du, azken honek zuhaitzean hasi eta bertan bukatzen baitu kantua. Alaudido batzuk ere antzeko hegaldia izan dezakete araldian, baina kantuen ezberdintasunekin batera, familia honetako hegaztien hegal handiak txirten ezberdinak dira.
Kumaldia apirila-uztaila bitartean burutzen dute. Habia, goroldio, belar eta ileekin egiten dute eta lurrean bertan edo arroka-tarteko ezkutuko zirrikituren batean kokaturik egoten da. Honen barruan 21 mm-ko eta arrez marrazturiko 4-5 arrautza zuriska jartzen dituzte. Emeak 2 astez berotu ondoren txitoak jaiotzen dira, eta arrak lagunduta beste 2 astez bazkatzen dituzte kumeak, hauek kozkortu eta habia utzi arte. Txito hauek habia uzten dutenerako helduen antza izaten dute eta 15 egun beranduago, gurasoen babesa utzi eta bizitzari bakarrik egin behar izaten diote aurre. Urte batekin hasten dira kumatzen eta 9 urteko biziraupen maximoa dute.
Mendi-txirtak bikoteka edo familia-taldeetan elkartzen dira eta neguan, talde txikitan ere bai. Bestalde, lurrean gora eta behera, intsektuak, moluskuak, krustazeoak eta haziren baten bila oinez bizi-bizi ibiltzen dira.
Euskal Herrian, eskualde menditsuetako estaia subalpetar eta alpetarrean espezie ugarienetakoa da. Altitudeari dagokionez 1.000 m-tik gora agertzen da eta Pirinio aldean 2.000 m-tik gora ere igotzen da. Atlantikoko eskualdean 700 metroraino jaitsi daiteke habitat egokirik izanez gero. Hegoalderantz goazelarik, alde subkantauriar eta mediterraniarrean 1.200 metrotik gora besterik ez dugu topatuko. Espezie paleoarktiko honek Europan duen banaketari dagokionez, alde borealean, eta alde epel eta mediterranioko mendietan agertzen da: Pirinioetan, Mendikatea Zentralean, Alpeetan, Apeninoetan eta Mendi balkanikoetan.
Noizean behin kolore arreak dituen txori hauetako bat landuta, ea gai garen identifikazio zaileko espezie hauen ezagutza menperatzeko. Baina... lasai, neronek ikusitako azken “txori arrea” ezin izan nuen inondik ere ezagutu, eta mendi-txirta ez zela besterik ez nuen ziurtatzerik izan. Hasteko bada zer edo zer behintzat!
Espeziea: Anthus spinoletta spinoletta |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia