GMI formularen arabera argalak diren pertsonen herenak egiaz obesoak dira
2013/02/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Obesitatea diagnostikatzeko ohikoa da gorputz-masaren indizea (GMI) erabiltzea. Berez, diagnostiko zorrotza egiteko, faktore asko hartu behar dira aintzat, baina GMI kalkulatzea oso erraza denez (pertsonaren pisua kilogramotan zati garaiera metrotan ber bi), asko erabiltzen da pertsona batek duen garaierarako pisu egokia duen edo ez jakiteko.
Alabaina, formulak errore-marjina handia duela erakutsi dute Nafarroan egindako ikerketan. Hain zuzen, 6.123 pertsonaren bolumena eta masa ez ezik, obesitatearekin erlazionatutako zenbait parametro neurtu dituzte (intsulinarekiko sentsibilitatea, profil lipidikoa, presio arteriala...), eta konturatu dira, parametro horiek eta duten gantz-ehunekoa aintzat hartuta, pertsona horien % 29 obesoa dela.
Obesity, International Journal of Obesity eta Diabetes Care zientzia-aldizkaritan argitaratu dute ikerketa. Horrez gain, pisuarekin eta garaierarekin batera, adina eta sexua ere kontuan hartzen dituen beste formula bat proposatu du Nafarroako Unibersitate Klinikak, GMIak baino emaitza zehatzagoak ematen dituelakoan. Formulak CUN-BAE izena du, eta eskuragarri dago Nafarroako Unibertsitate Klinikaren webgunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia